Bertsoikasgela.eus, ikasturte berrirako oparia

2018/10/17
Ikastetxetako bertsolaritza eskoletarako baliabideak eskura jartzen ditu webguneak: bertsoaldiak, jolasak eta ariketak biltzen ditu, besteak beste.

Lagunekin berriro elkartuta izaten diren solasaldiek, liburu berrien usainak edota birziklatutako zaharren zirriborroek ematen duten entretenimenduak asko arintzen dute irailean ikastetxerako itzulera. Aurten gainera, ikasturte hasiera horren gogorra izan ez dadin, tresna baliotsu bezain jolastia aurkeztu dugu: bertsoikasgela.eus ataria.

Bertsozale Elkarteak martxan duen hezkuntza proiektuarekin bat egiten duten ikastetxeek, ikasleek zein bertsolaritza irakasleek baliatzeko tresna da. Bertsolaritza eskoletan erabiltzeaz gainera, ikasleek gelan landutakoa berreskuratzeko aukera izango dute eskola orduetatik at. Bat-batekoen eta bertso jarrien sorta ederrak, jolasek eta ariketek osatzen dute eskaintza. Irakasleentzat ere abantaila ugari eskaintzen ditu webguneak, gela bakoitzean gaia utzitako lekuan berrartzeko modua izango dute automatikoki edota proposamenak jasotzekoa.

25.000 ikasletik gora, bertsolaritza lantzen

Aurten ere asko izango dira Bertsolaritza ikastetxean proiektua bere egingo duten eskolak. 500 bat ikastetxek egiten dute bat egitasmoarekin, eta hala 25.000 ikaslek baino gehiagok jasoko dituzte bertsolaritza eskolak. Horretarako, Bertsozale Elkarteko 50 irakasle ikastetxez ikastetxe ibiltzen dira herrialde osoan barrena.

Bertsotarako abilezia gehiago landu edota bestelako zeregin batean bertsolaritzara murgildu nahi duenak bertso-eskolan izena emateko aukera du. Horretarako jarri harremanetan zure lurraldeko bertsozale elkartearekin eta galdetu ea zein den zuregandik hurbilen geratzen den eskola.

Baliabide ugari eskaintzen ditu bertsoikasgela.eus atariak