Bertsoan eta ETB1en eskainiko da Bertso Eguneko ekitaldi nagusia

2016/01/29
Zuzenean ikusi ahal izango da internetez sareko plazan eta larunbat gauean ETB1en.

Bertso Eguneko arratsaldeko ekitaldira joateko aukera ez duenak izango du emanaldiaz gozatzeko aukera. Kursaalen 18:00etan hasiko den ikuskizuna Bertsoa sareko plazak eta Eitb.eusek eskainiko dute zuzenean internetez eta ETB1en ere ikusgai izango da 22:00etatik aurrera.

Gainera, igandeko Hitzetik Hortzeran Kursaaleko emanaldian botatako bertsoaldien laburbilduma izango da ikusgai; eta datorren astean, Bertsoak goizeko, arratsaldeko zein gaueko bertsoaldiak eskainiko ditu.

Eguerdian hasiko da Bertso Eguna Picachila tabernan egingo den saioarekin. Kursaalen izango du jarraipena festak: 18:00etan ekitaldi nagusia izango da eta, ondotik, afaria eta afalosteko saioa izango dira Kursaalen bertan. Ekitaldirako sarrerak eskuragai daude oraindik www.bertsosarrerak.eus atarian bihar 12:00ak arte, eta geratuz gero, Kursaaleko lehiatilan ere izango dira eskuragai 16:00etatik aurrera. 17:00etan zabalduko dira ateak.

47.edizioa du aurtengoa Bertso Egunak