Bertsoa eta organoa inprobisatzen, Hitzetik Hortzeran

2025/09/25
Mikel Ansola organo-jotzailea elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzera programan. Horrez gain, Markina-Xemeingo eta Donostiako bertso saioak ere eskainiko dira larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Mikel Ansolari 2010. urte inguruan piztu zitzaion organoari buruzko jakin mina. Kontzertu batean entzun eta amari esan zion organoa jotzen ikasi nahi zuela. Ordutik musikari eta organoari lotuta bizi da markina-xemeindarra. Bizipen horiek ezagutuko ditugu, besteak beste, aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Euskal Herriko organoen ondarearen aberastasunari eta hori zaintzeko beharrari buruz ere arituko dira. Baita Mikel Ansolaren organo-jotzaile ibilbideaz eta aurrera begira dituen proiektuei buruz ere.

Musika Haizeak zikloaren antolatzaileetako bat ere bada Mikel Ansola eta, aurten, zikloaren barruan bertso inprobisazio kontzertua antolatu dute. Inprobisazioan adituak diren organo-joleak eta bertsolariek eskaini zuten kontzertua Xemeingo elizan. Kontzertu horren prestaketari buruz hitz egingo du Ansolak.

Markina-Xemeingo eta Donostiako bertsoaldiak, entzungai

Musika Haizeak zikloaren baitan egindako saioko bertsoaldiak izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Josune Aramendi eta Nerea Ibarzabal aritu ziren kantuan eta Mikel Ansolak jarri zituen gaiak. Organoan, berriz, Carlos Bollo, Johannes Friederich eta Juraj Kremen aritu ziren.

Donostiako Euskal Jaien baitan egiten den bertso saioko bertsoaldiak ere izango dira. Imanol Artola Felix-ek jarri zituen gaiak. Bertsotan berriz Agin Laburu, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio eta Maider Arregi aritu ziren.

Hitzetik Hortzera: larunbat gauean, 21:00etan, ETB1en.