Bertso-udalekuetan murgilduta

2015/07/10
Oskar Estanga bertsolariaren bisita izango dute gaur Orion bertso-udalekuetaz gozatzen ari diren gaztetxoek. Kantari jarriko ditu haur guztiak, udalekuetako ekintzetako bat txanda guztien artean disko bat grabatzea baita.

Uztailaren 3tik 12-14 urte bitarteko gaztetxo talde ederra dago Orioko Itxaspe baserrian Bertsozale Elkarteak antolatutako udalekuetan murgilduta. Begiraleek lagunduta denetarik egiteko parada izan dute: kostaldean daudela aprobetxatuz piraten gisa Orioko hondartza eta portura txangoak, Kukuarri mendi tontorrera ibilaldia, Zumaia eta bertako bertso-eskola ezagutzeko egun pasa... 

Bertsolarien bisita ere izan dute Orioko egonaldian. Markina-Xemeindik eta Hendaiatik gerturatu dira, hurrenez hurren, Eneko Arrate eta Maddalen Arzallus bertsolariak. Parrillan prestatutako otordu goxoaren ondotik bertso-saioa eskaini zieten propio udalekuetako kideei. Hezkidetzan aditua den Josu Isaias ere hurbildu da Itxaspe baserrira gaztetxoekin hezkidetza lantzeko dinamikak egitera.

Lagunarte ederrean euskaraz  gozatzen jarraituko dute igandera arte. Oraindik ''bi lo'' dituzte topera aprobetxatzeko.

Astelehenean ekingo diogu bertso-udalekuetako bigarren txandari. Uztailaren 13tik 22ra 12-14 urteko gaztetxoak Irañetan izango dute "oinarrizko kanpamendua". Kontatuko dizuegu bertako berri.