Bertso Udalekuetako txandak argitaratu ditugu

2024/01/30
Martxoaren 4an hasiko da izen-ematea gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat edota bertso-eskolako kide direnentzat.

Bidarrain, Larraulen, Uitzin eta Zuhatzan elkartuko dira aurten Bertso Udalekuetako gazteak. Uztailean izango dira txanda guztiak, eta ohi bezala adinka banatu ditugu taldeak: gaur bertan argitaratu dugu txanden inguruko informazioa. Hementxe bertan deskarga dezakezu eskuorria.

Martxoaren 4an hasiko da izen-ematea gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat edota bertso-eskolako kide direnentzat; 17ra arte izango dute lehentasuna. Ondoren, betetzeko geratzen diren txandekin bigarren izen-emate epea irekiko da gainerako interesdunentzat martxoaren 20tik apirilaren 15era bitarte. Izen-emateak 10:00etan irekiko dira bi kasuetan.

Hezitzaileen izen-ematea

Parte hartuko duten gazteek izena eman aurretik, ordea, hezitzaileekin hornitu behar ditugu txandak... ostegun honetan (10:00etan hau ere) irekiko da hezitzaileentzako izen-ematea: begirale, zuzendari edo sukaldari izan nahi dutenek edota begirale praktikak egin nahi dituztenek eman ahalko dute izena, alegia. Begiraleen eta zuzendarien kasuan, ezinbestekoa izango da begirale titulua izatea. Apirilean jakinaraziko dira zeintzuk diren lantaldeak eta parte hartuko dutenek maiatzaren 17tik 18ra arte Larraulen (Gipuzkoa) egingo den prestaketa saioan parte hartu beharko dute, udalekuen antolaketa ona ziurtatzeko.

Euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute Bertso Udalekuen egitasmoa, eta Irizarrek laguntzen du.

Gezurra dirudi baina...badatorrela uda!

Uztailean izango dira aurten ere Bertso Udalekuetako txandak. / XDZ