Bertso Udalekuetako gaztetxoen lehen izen-ematea, astelehenetik aurrera

2024/02/28
Gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenak eta bertso-eskoletako kideek izango dute izena emateko aukera. Martxoaren 4tik 17ra bitarte egongo da lehen izen-emate hau; behin hori itxita, gainontzeko gaztetxoek martxoaren 20tik apirilaren 15era izango dute izena emateko aukera.

Geroz eta gutxiago falta da Bertso Udalekuetarako, eta horren seinale da izen-ematea martxan jartzea. Datorren astelehenean, martxoaren 4an goizeko 10:00etan, irekiko dugu gaztetxoen izen-emateko lehen txanda. Txanda honetan, gutxienez gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dituzten gaztetxoek eta bertso-eskoletako kide direnek eman ahalko dute izena; martxoaren 17ra arte. Behin hori itxita, izen-emateko bigarren txanda irekiko dugu, geratzen diren tokiekin.

Euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute Bertso Udalekuen egitasmoa, eta Irizarrek laguntzen du.

Urtero moduan, aurtengo udalekuetan ere lau txanda izango ditugu, gaztetxoen adinaren arabera bananduta. Izena ematerakoan, txanda aukeratu beharko da. Hemen txandei buruzko informazioa:

ZUHATZA (Araba) – 9-11 urtekoak
• Datak: Uztailak 24-28
• Adina: 9-11 urte
• Kuota: 245€

LARRAUL (Gipuzkoa) – 12-13 urtekoak
• Datak: Uztailak 8-14
• Adina: 12-13 urte
• Kuota: 280€

UITZI (Nafarroa) – 14-15 urtekoak
• Datak: Uztailak 25-31
• Adina: 14-15 urte
• Kuota: 280€

BIDARRAI (Baxenabarre) – 16-18 urtekoak
• Datak: Uztailak 15-24
• Adina: 16-18 urte
• Kuota: 360€

Egon adi izen-emateei. Animatu eta eman izena!

Zuhatzako 2023ko Bertso Udalekuak.