Bertso Udalekuetako bigarren izen-ematea, astelehenetik aurrera

2019/03/22
Gaur amaituko zaie lehentasuna bertso eskolako kideei edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenei. Aurrerantzean, gainerako gazteek ere eman ahal izango dute izena.

Martxoaren 11n abiatu zen Bertso Udalekuetarako izen-ematea; orain arte, ordea, bertso eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek izan dute horretarako aukera. Gaur amaituko da izena emateko lehen epe hori, eta astelehenean ekingo zaio bigarrenari. Martxoaren 25etik apirilaren 12ra arte, gainerako interesdunek ere eman ahal izan dute izena; alegia, ez da beharrezkoa izango aipatutako bi baldintza horietako bat betetzea.

Aurrekoan bezala, bi eratara egin ahal izango da: www.bertsozale.eus webgunearen bitartez, atarian egokituko den izen-emate orria betez, edo +34 943694129 telefonora deituta. Izen-ematea 10:00etan abiatuko da astelehenean.

Duzunaritze, Uitzi, Aubixa, Orio eta Zuhatza; horiek aukerak. Azken txanda abuztuan egingo da eta gainerakoak uztailean; gainera, egonaldi bakoitzak adin tarte jakin bateko gazteak hartzen ditu. Beraz, ikusi xehetasunak atari honetan bertan topatuko duzun informazioan.

Giro ederra izaten dugu Bertso Udalekuetan.