Bertso kronikak hizpide, Amagoia Mujika kazetariarekin
2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean bezala, aste honetako programan Donostiako Belodromoan izango dute bertsozaleek hitzordua. Izan ere, bertan elkarrizketatuko dute Amagoia Mujika Telleria, NAIZ-Garako kazetaria eta Gaur8ko arduraduna. 2001eko final hartan hasi zen Mujika bertsolaritzari eta txapelketari lotutako kronikak idazten, eta orain arte jarraitu ditu Euskal Herriko zein herrialdeetako txapelketak.
Elkarrizketan txapelketako saio baten aurretik egiten duen lanaz ariko da Mujika, saioan zehar zeri erreparatzen dion kontatuko du eta bertso kronikak nola osatzen dituen ere bai. Bertsogintzak urte hauetan izan duen aldaketaz bilakaeraz ere arituko dira.
Horrez gain, finalen aurretik bertsolariak elkarrizketatzea tokaten zaio eta final ondoren txapeldunak ere elkarrizketatzen ditu. Finalisten aldarteez eta txapeldunak elkarrizketatzean sortzen den giroaz ere hitz egingo du Mujikak.
Hendaiako eta Tolosako jaialdiak, ikusgai
Elkarrizketaz gain, aste honetan ere bi bertso saiotako bertsoaldiak ikusiko dira Hitzetik Hortzeran.
Alde batetik, Hendaian Harrera Taldeak antolatutako jaialdia izan zen eta hangoak ekarriko dituzte pantailara. Aimar Karrika Iribarrenek jarri zituen gaiak eta bertsotan aritu ziren Amets Arzallus Antia, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Jon Maia Soria, Maialen Lujanbio Zugasti eta Unai Iturriaga Zugaza-Artaza.
Beste alde batetik, Tolosan Atariak antolatzen duen jaialdia ere entzuteko parada izango da. Urtero bezala, Amaia Agirre Arrastoak gidatu zuen saioa eta bere esanetara aritu ziren bertsotan Andoni Egaña Makazaga, Maider Arregi Markuleta, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Xabat Illarregi Marzol.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.