<!DOCTYPE html> Bertso Eskolen Egunaz, aste honetan sareko plazan — Bertsozale Elkartea

Bertso Eskolen Egunaz, aste honetan sareko plazan

2016/09/19
Bertsotruken ingurukoak, Lankuren udazkeneko emanaldiak eta Xilabaren hasiera ere izango ditu hizpide Bertsoak datozen egunetan.

Larunbatean Portugaleten izan zen Bertso Eskolen Eguna eta han izan zen Bertsoako kamera ere: Izar Mendiguren, Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeko kidearekin, zein Ezkerraldeko bertso eskolako kide diren Asier Alcedo eta Idoia Anzorandia bertsolariekin izan zen sareko plaza eta haien bitartez ezagutuko ditugu Bertso Eskolen Eguna batetik eta ezkerraldeko bertso eskolak bestetik. Han aurkeztu zen Bertsotruk egitasmoa ere; bertan izan ziren parte-hartzaileak ekimenaren bigarren edizioa abiatzen eta horren ingurukoak bilduko ditu bihar Bertsoak.

Bestalde, Lankuk udazkenerako prestatu duen emanaldi sorta azalduko zaigu ostegunean; tartean da, Testurak emakume bertsolariek antolatutako emanaldia eta Maider Arregik, Miren Amurizak eta Ane Labakak aurreratuko digute proiektuaren nondik norakoa asteazkenean.

Ostiralerako eta larunbaterako planak ere proposatuko dizkigu Bertsoak: Gabon, Txirrita antzezlana izango da Urnietan eta Donibane Lohizunen hasiko da Xilaba.

Bertsoaldiak izango dira tartean entzungai, noski: Heletako eta Zizurkilgo saioetako bertsoez gain, ostiralean atzera begirako ariketa egin eta Xilaban duela zenbait urte botatako bertsoaldia berreskuratuko du sareko plazak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz.

 

Hamaika kontu dakartza aste honetan Bertsoak