Bertso-eskolarako materiala nahi?

2020/11/09
Bertsotan trebatzeko karta jolasen bilduma ondu dugu, eta, Bertsozale Elkartearen eskutik, horietako ale bana jasoko dute bertso-eskolek opari. Gainera, ale gehiago nahi izanez gero, eskaintza berezia izango dute bertso-eskolek; baita "Orainmenean" argitalpena eskuratzeko ere. Horretarako, webgune honetan bertan dagoen eskaera orria bete behar da.

Karta jolasak eta Orainmenean. Ekoizpenok esku-eskura jarri nahi dizkiegu bertso-eskolei, eta, hala, eskaintza berezia prestatu dugu.

Bat-batekoan hasiberriak diren haurrentzako karta jolasak argitaratu ditugu Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek; elkarteko irakasle lantaldeak sortu ditu. Bertso-eskolan ala ikastetxean erabiltzeko dira, bertsotan dakien heldu baten laguntzarekin.

Sei karta-sortarekin osatutako bilduma da. Karta-sorta bakoitza bat-bateko ariketa jakin bat lantzeko da, eta zailtasun mailaren arabera multzokatuta daude: jarritako puntuari kartan agertzen diren oinekin erantzutea, esate baterako; edota errimatzen duten kartak lortzea, eta haiekin kopla ala bertsoa osatzea.

Egin orain zure eskaera!

Bertsozale Elkartearen eskutik, bilduma bana jasoko dute bertso-eskolek opari; bailara mailako bertso-eskola handiek herri bakoitzeko ale bat eskuratuko dute. Eta ale gehiago nahi izanez gero, bertso-eskolako partaideentzako eskaintza berezia daukagu: 32 euroren truke eskuratu ahal izango dute bilduma. Horretarako, webgune honetan bertan egokitutako eskaera orria bete behar da, azaroaren 25a baino lehen. Urtarrilaren lehen astetik aurrera jaso ahal izango da materiala; eskaera orrian topatuko dituzue argibide gehiago.

Bertso-eskolako partaidea ez bazara, baina karta jolasen bilduman interesa izanez gero, jarri harremanetan gurekin helbidera idatzita.

Orainmenean: Bertsolaritzaren genealogia feministak

III. Lanku Bekaren saridun izan zen proiektutik eratorri da Orainmenean: Bertsolaritzaren genealogia feministak lana. Txakur Gorria sormen kolektiboak ondutako proiektuak emanaldia eta argitalpena ditu euskarri. Zirrikituetan arakatu eta ikusezina ikusgarri egiteko ahalegina da: emakume bertsolariak beti existitu izan direla azpimarratzekoa, batetik, eta, bestetik, azken urteetako bilakaerari erreparatzekoa.

Liburuxka prezio berezian eskuratu ahal izango dute bertso-eskoletako partaideek: 6 euroren truke. Horretarako, aurretik aipatutako eskaera orrian egin behar da eskaria; azaroaren 25a baino lehen hau ere.

Bertso-eskolako kide ez bazara, baina argitalpenean interesa izanez gero, eskuragai duzu Lanku Kultur Zerbitzuen online dendan.

Hementxe duzu bertso-eskolentzako eskaintzaren berri ematen duen informazio orria.

 

Orainmenean

Bertsozale Elkarteko irakasle lantaldeak ondu ditu Karta-jolasak.