<!DOCTYPE html> Bertso Eguneko sarrerak salgai — Bertsozale Elkartea

Bertso Eguneko sarrerak salgai

2015/12/22
Urtarrilaren 30ean izango da Bertso Egunaren berrogeita zazpigarren edizioa, Donostian. 26 bertsolari izango dira kantuan. Afaria eta ondorengo festa Kursaalen egingo da aurten.

Bertso Eguneko sarrerak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eus helbidean. Arratsaldeko ekitaldirako nahi adina sarrera har ditzake edonork. Ekitaldia, afaria zein ondorengo emanaldia biltzen dituen sarreretan, ordea, Bertsozale Elkarteko bazkideek lehentasuna izango dute urtarrilaren 6ra arte. Ordura arte, eta mota honetako sarrerei dagokienez, bazkide bakoitzak bereaz gain, bazkide ez den sarrera bat gehiago eta 16 urtetik beherakoentzat beste bat hartu ahal izango du. Behin epe hori igarota, urtarrilaren 7tik aurrera, bazkide ez direnek ere erosi ahal izango dute ekitaldia, afaria zein afalosteko emanaldia biltzen dituen sarrera.

Bertsozaleak ez du askorik mugitu beharrik izango arratsaldeko ekitalditik gaueko festara, aurreratu genuen moduan afaria Kursaalean bertan izango baita. Afariari dagokionez, menua zehaztuta dauka Bertsozale Elkarteak: entsalada, txanpiñoiak, bakailua ajoarriero erara, arrain zopa, arkume errea patata purearekin eta arroz esnea. Edariak, txotxa eta kafea.

Horrez gain emanaldi mamitsua izango da afalostean, eta 12 bertsolari izango dira kantuan: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa. Bapateko bertsoak eta prestatuak tartekatuko dira, musikatuak zenbait.

Bertsozale Elkarteak urtarrilean emango dizkizue beste bi ekitaldien xehetasunak: goizekoa eta arratsaldekoa.

Arzallus, Colina eta Iturriaga iazko Bertso Eguneko ekitaldian.