Beherapenarekin matrikulatzeko azken egunak

2015/05/28
Ekainaren 1etik aurrera, %20 gehiago ordaindu beharko da Bertsoa Unibertsitatean eskolarako matrikula.

Mintzola Fundazioak eta EHUko Uda Ikastaroek elkarlanean antolatutako zikloan izena eman nahi dutenek aukera paregabea dute oraingoz. Izan ere, maiatzaren 31 bitarte, Bertsoa Unibertsitatean eskolarako matrikulak prezio merkeagoa du eta ekainaren 1etik aurrera %20 egingo du gora.

Bertsoa Unibertsitatean eskolak bi ikastaro biltzen ditu: lehena, Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan izenekoa, uztailaren 6an eta 7an gauzatuko da eta kantagintza, ipuingintza eta bertsolaritzan jarriko du arreta, hezkuntza arautuan horien transmisioaren inguruan hausnarketa eginez. Bigarrenak, Bertsolaritzaren Bidegurutzeak Ikastaroak, uztailaren 8tik 10erako egunak hartuko ditu, eta bertsolaritzaren erronkak izango ditu aztergai, ideologia, transmisio eta ikerketa ikuspegitik.

Bi ikastaroetan ahozkotasunean aditu diren profesionalak arituko dira: Andoni Egañak bertsolaritzaren bidez ahozkotasunari egin ahal zaion lanketa azalduko du, Maialen Lujanbio bertsogintza eta ideologiaz arituko da, eta Jon Sarasuak transmisioa izango du hizpide, bertsolaritza eta herri kultura aintzat hartuta.

Lehen ikastaroaren amaieran performance bat izango da, Ainhoa Ansa kantariaren eta Uxue Alberdi eta Igor Elortza bertsolarien eskutik. Bestalde, bigarren ikastaroaren azken egunean, bertsolaritza eta ikerketa zientifikoa uztartuko dira: Zer dago bertsolarien garunean? Bertsolaritzaren oinarri neuralak hitzaldia eskainiko du Kepa Paz ikertzaileak eta Bertsobotaren gaineko azalpenak emango ditu Aitzol Astigarragak.

Horiek guztiak ezagutzeko, eman izena Bertsoa Unibertsitatean eskolan. Maiatzaren 31 bitarte, %20eko beherapenarekin.

Informazio gehiago, www.mintzola.eus atarian.

Bigarren aldiz antolatu da Bertsoa Unibertsitatean eskola