Aurkeztu da Señora sariketa

2026/04/21
Kanporaketa bi eta finala izango ditu aurtengo sariketak: Baionan eta Zizur Nagusian jokatuko dira kanporaketak eta finala, berriz, Plentzia-Gorlizen izango da.

Konturatu orduko, badator aurtengoa ere: VI. Señora Sariketa. 60 lagunetik gora elkartu ziren larunbateko aurkezpenean Legazpiko gaztetxean, eta bertan eman zituzten xehetasun guztiak.

Eguerdian egin zuten hitzordua eta, sariketa aurkezteaz gain, bideokliparen proiekzioa, kamiseten aurkezpena eta bertso-paper lehiaketaren azalpena ere egin zen. Gainera, Gasteizko hasiberrien bertso eskola feministako kideek bertso-sorta bat abestu zuten. Izan ere, aurten jarri dute lehenbizikoz bertso-paper lehiaketa martxan. Aurreko urteko edizioan plaza utzitako bertsolariak kantura bueltatzeko ahalegina egin zen, eta bide horri jarraika, aurten bertso paperen bidez animatu nahi dira plazan ez dabiltzanak.

Bazkalostea Maider Arregi Markuleta eta Oihana Arana Cardenal bertsolariek girotu zuten, Uxue Fernandez Lasa gai-jartzailearen gidaritzapean. Hirurak izan dira aurreko Señora Sariketako antolakuntza taldeko kideak, eta erreleboaren aitortza izan zen larunbatekoa. Izan ere, talde berria ari da aurten antolakuntzan.

Hiru saioko sariketa

Maiatzean izango dira Señora Sariketako bi kanporaketak: maiatzaren 16an Baionako Zizpa gaztetxean eta maiatzaren 23an Zizur Nagusiko Esparru gaztetxean. Hurrengoak izango dira osaerak:

Maiatzaren 16an, Baionako Zizpa gaztetxean

  • Ana Picallo Perez
  • June Astegieta unzaga
  • Maddi Agirre Epelde
  • Maider Altuna Urbina
  • Nahia Etxeberri Lopepe
  • Oihana Iguaran Barandiaran

Maiatzaren 23an, Zizur Nagusiko Esparru gaztetxean

  • Antton Fernandez Lasa
  • Irantzu Idoate Funosas
  • Kattalin Lizarraga Mendia
  • Kattin Madariaga Apaolaza
  • Kelmene Abaitua Ixazelaia
  • Nahia Sasco Etxeberri

Kanporaketa bakoitzetik hiru bertsolari sailkatuko dira finalera; ekainaren 7an izango da, Plentzia-Gorlizko Danontzat gaztetxean. Gai-jartzaile lanetan Iratxe Legarra Nuin arituko da. Sariketako epaileak Begoña Goiriena, Ibai Lekuona Darceles, Klari Schmidt Lizarde eta Maialen Cadavid Echevarria arituko dira. Finalean, aurreko urteko pameladunak ere epaile lanetan arituko dira.

Aurkezpena egin den moduan, saio guztiak gaztetxeetan egingo dira. Izan ere, espazio horien garrantzia azpimarratu zuten, eta tokian tokiko asanblada eta talde feministekin elkarlanean onduko dituzte saioak.

Finaleko sarrerak eta kamisetak

Ekainaren 7an, finalaren aurretik, bazkaria egongo da. Txartelak erosteko aukera sare sozialen bidez irekiko da aurrerago.

Kamisetak eskuratzeko, ostera, esteka honetan zein Señora Sariketako instagramean egin daiteke eskaera; finalean egingo da banaketa.