Asteazkenean hasiko da Bertso Udalekuetako bigarren izen-ematea

2020/03/11
Astelehenera arte bertso-eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek izango dute lehentasuna. Gaur zortzi gainerako interesdunei ere zabalduko zaie eskaintza.

Pasa den martxoaren 3an ireki zen Bertso Udalekuetarako izen-ematea. Oraingoz lehentasuna dute bertso-eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten gazteek, baina astelehenera arte izango dute abantaila hori. Asteazkenetik aurrera gainerako interesdunei zabalduko zaie eskaintza, bigarren izen-emate bat martxan jarrita. Martxoaren 30era arte, egun hau barne, izango dute aukera www.bertsozale.eus atarian egokituko den izen-emate orria beteta.

Orio, Zugarramurdi, Uitzi, Sopela eta Zuhatza. Helmuga horiek izango dituzte udan bertsolaritzaz gozatu nahi duten gazteek. Aurtengo Bertso Udalekuetako txanda guztiak uztailean izango dira, eta, ohi bezala, txanda bakoitzak adin tarte jakin bat izango du.

Txanden inguruko informazio orria, jaitsi hemen

Uztailaren 2tik 11ra egingo da lehen txanda, Orion. 2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazteak elkartuko dira han, alegia, 15 eta 16 urte bitartekoak. Han daudela irekiko da Zugarramurdiko udalekua: uztailaren 3an hasi eta sei lo eginda, uztailaren 9ra arte, Graxiana Sorginen aterpean izango dira 12 eta 13 urteko gazteak, 2007 eta 2008 urteetan jaiotakoak. Hura amaituta 10 eguneko egonaldia egingo dute Uitzi aukeratzen duten gazteek, uztailaren 10ean hasita. 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoentzako da hura. Sopelako eta Zuhatzako txandak izango dituzte parte hartzaile helduenek eta gazteenek, hurrenez hurren. 17 eta 18 urte bitartekoak uztailaren 21etik 30era izango dute udalekua Bizkaiko kostaldean eta Arabako uhartean gazteenek, uztailaren 27tik 31ra; 9 eta 11 urte bitartekoek, alegia.

Ederki pasako dugu!