Aro bati agur, pamela eta tokadua jantzita
Zaila da erantzuten nor izan zen txapelduna, irabaztea zer den zehaztu gabe. Amaia Elizagoienek eta Malen Altzuart jantzi dute V. Señora Sariketako pamela; tokadoa, buruz buru ibiliko da, bihotz saria lau lagunek irabazi baitute: Irati Tolosak, Joane Aldalurrek, Kristina Mardarasek eta Rosi Lazkanok; eta sukaldariei ere eman diete oroigarria, loreak eta amantala.
Izan ere, mahaiaren bueltan hasi dira aurten sariketako hitzordu guztiak. Koadrodun mantelez jantzi dituzte egurrezko mahaiak. Elkarren ondoan eseri dira ikus-entzule, antolatzaile eta partaideak. Goxo jan dute aldiro-aldiro, eta tripak ondo bete ostean egin da saioa. Baita larunbatean ere, maiatzaren 31n, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean.
Giro beroa, bai kanpoan baita barruan ere. Bazkalorduan jolasean, kantuan eta txaloka aritu dira plater eta plater artean. Antzeko giroa izan da saioan. Kantuan hiru bikote. Lehen finalaurrekotik sailkatutako Amaia Elizagoien eta Malen Altzuart, Iurretako finalaurrekotik sailkatutako Irati Tolosa eta Joane Aldalur, eta ohorezko señora bikotea: Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano.
Lehen aldia da Mardarasek eta Lazkanok elkarrekin kantatzen dutena. Testuingurua ondo irakurrita eta girora eginda aritu dira kantuan. Aldiro-aldiro lortu dute ikus-entzuleen eta kideen konplizitatea, izan irribarreetan, izan malkotan. Eguneko saririk handiena, horixe, bikotea elkarrekin kantuan entzutea. Beraientzat ere sari ederra izan da, amaieran Mardarasek aitortu bezala: "Ez dakizue zuek zer sentitzen dudan momentu honetan. Nire bertso munduaren hasieran zegoen ezereza, ez zegoen emakumerik. Desertua zen. Nik banekien bazeudela, ziur nengoen bazeudela, baina agerian ez. Eta ikusten ez dena, ez dagoela ematen du. Eta hau ikustea, hau da nere oparirik handiena". Berretsi egin du: "oparirik handiena".
Oparitzat hartu dute ere Elizagoien eta Altzuartek pamela. Aroztegiko lagunei eskaini nahi izan diete, batetik. Hala kantatu du Altzuartek: "zazpi auziperatuei, gure besarkada / sententzia dena dela, hor egonen gara". Ez da eskaintza bakarra izan, ordea. Elizagoienek bertsokide eta laguna izandakoari ere eskaini baitio: "Ze polita izan zen, zu ezagutzea / elkarrekin eraikiz bertso lezea / mundu bat hozkatzeko genuen gosea / baina gosea beti, ez dago asea / berriz kantatzea, da zu oroitzea / behin piztu gintuen sua mantentzea / sumatzen da gurekin zaude Haizea".
Forma guztietako malkoekin, begiak pozez eta hunkiduraz bustita, entzule guztiak zutik eta txaloka. Horrela amaitu da V. Señora Sariketa. Antolatzaile taldeak esan moduan, beraiek antolatzen duten azken aldia izan da aurtengoa, baina hala aitortu zuten kantuan: "jarraitu dezazuen nahi dugu bakarrik". Erreleboaren zain, orain artekoa amets bat izan dela aitortu dute antolatzaileek, zehazki: "señora da amets bat sortzea itzarrik". Emozioak esna-esna eman zaio amaiera bosgarrenari ere.