Aritz Ganboa artzaina elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran

2025/10/08
Artzaintzari eta landa eremuari buruz arituko da Arruazuko artzaina, besteak beste, aste honetako Hitzetik Hortzeran. Programa osatzeko, Amorotoko eta Irurako bertso jaialdietako bertsoaldiak ere izango dira larunbat gauean, ETB1en.

Arruazun barrena ibiliko da aste honetako Hitzetik Hortzera Aritz Ganboa bertako artzainarekin. Gaztetatik bizi izan da artzaintzari lotuta eta, besteak beste, ogibide horri buruz eta landa eremuak dituen erronketaz ariko dira, baita berak ezagun egin duen Eutsi herriari eta lotu lurrari esaldi ezagunari buruz ere.

ETB1eko Biba zuek saioan egin zen ezagunago Ganboa: arratsaldero artzaintzari eta landa eremuari loturiko tartea egiten du saio horretan. Programan kolaboratzen nola hasi zen eta tarte horrekin Euskal Herriko etxeetara eraman nahi izaten duena zer den ere azalduko du Aritz Ganboak Hitzetik Hortzeran.

Umetatik bertsozalea da Ganboa. Gaztetxotan Iruñeko bertso eskolan ibili zen eta oroitzapen politekin lotzen du garai hori. Gaur egun, lanak uzten dion heinean, ahal duen bertso saio gehienetara joaten da. Gustuko dituen bertso saioei eta bertsolariei buruz ariko da solasean Mirari Martiarenarekin batera.

Xalbadorren sorta bat kantatuko dute sorten atalean

Bertso jarrien atalean, Fernando Aire Xalbador bertsolariaren Ene errekontrua sorta abestuko dute Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek, Manex Pagola musikariak lagundurik. Ene errekontrua sortan, ehizan, usotan, izandako errentrua edo istripua azaltzen du Xalbadorrek. Eskopeta bizkarrean hartuta zihoala, ustekabean tiroak ihes egin eta zango muturrean jo zuen. Bi hatz moztu zizkioten. Horrela konturatu omen zen Xalbador zer egiten dieten ehiztariek usoei.


Amorotoko eta Irurako bertso jaialdiak, ikusleen gozagai

Astero bezala, plazan entzundako bertsoak pantailara ekarriko ditu Hitzetik Hortzerak.

Alde batetik, Amoroton izandako bertso jaialdia entzun ahal izango da. Sei bertsolari aritu ziren bertsotan Maribi Ugartebururen esanetara: Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Garazi Navarro, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga.

Beste alde batetik, Irurako festetako urteroko bertso jaialdiko bertsoaldiak ere izango dira programan. Amaia Agirre aritu zen gai-jartzaile lanetan eta bertsotan egin zuten Aitor Mendiluzek, Alaia Martinek, Jexux Mari Irazuk eta Maialen Lujanbiok.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.