Arantza Plaza elkarrizketatuko dute Hitzetik Hortzeran
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa finalaren atarian dela-eta, txapeldunari txapela janzteko ardura izango duen pertsona elkarrizketatuko dute aste honetan Hitzetik Hortzeran: Arantza Plaza Zamora. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak transmisioan egindako lana aitortu eta eskertu nahi dio Arantza Plazari.
2004an hasi zen Bizkaiko Bertsozale Elkartean lanean, ikastetxez ikastetxe, bertsolaritza irakasten, eta horretan jardun du 2022an erretiroa hartu arte. Urte horietan egindako lanari buruz hitz egingo du, besteak beste, Mirari Martiarenarekin: bertsolaritza hezkuntza arautuan emateak duen garrantziaz, umeek bertsoak egiterakoan barneratzen dituzten kontzeptuez edo eskolak emateko aldatu den moduaz.
Erretiroa hartuta duen egunerokoaz ere hitz egingo dute Arantzak eta Mirarik, eta Bizkaiko Txapelketako finalari begira ere jarriko dira. Txapelketa batean lanean ikasten den guztiaz ere ariko dira.
Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoen errepasoa egingo dute
Abenduaren 20ko finalari begira jartzeko, Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoen errepasoa egingo da aste honetako programan. Zeanuriko, Abadiñoko, Barakaldoko, Bermeoko eta Markina-Xemeingo bertsoaldiak ekarriko dituzte gogora.
Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etatik aurrera, ETB1en.