Arantxa Iturbe elkarrizketatuko dugu Hitzetik Hortzeran

2017/02/02
Elkarrizketak gidatzen ohituta dago Arantxa Iturbe, Euskadi Irratiko ahots ezagunenetako bat baita. Bera izango da igande honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua eta irratigintzaz eta bertsolaritzaz jardungo gara berarekin. Plazako jardunak ere izango du lekua aste honetan, eta Tolosa eta Donostiako bertsoaldi onenak eskainiko ditugu.

Elkarrizketatzaile trebatua da Arantxa Iturbe. Umetatik idazle izateko bokazioa bazuen ere, urte asko daramatza Euskadi Irratiko mikrofonoetan esatari lanetan. Kulturaren inguruko saioetan aritu izan da bereziki, eta gaur egun Arratsean saioa gidatzen du. Bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua, eta irratigintzaz eta bertsolaritzaz jardungo gara berarekin.

Historikoen atalean ere Arantxa Iturbe izango da protagonista. 1994ko maiatzean bertso jaialdia izan zen Donostiako Victoria Eugenia antzoki dotorean. Tartean, teloiaren atzealdetik gai-jartzaile lanetan aritu zen Arantxa Iturbe. Sebastian Lizasok eta Anjel Mari Peñagarikanok kantatu zioten berak jarritako gaiari.

Atariaren alde Tolosan

Tolosaldeko Atariaren estudioetan elkarrizketatuko dugu Arantxa Iturbe. Urtero-urtero Atariaren aldeko bertso jaialdi jendetsua egiten da Tolosan, Leidor Antzokian. Urtarrilaren 21ean izan zen aurtengo saioa eta Igor Elortza, Iker Zubeldia, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Andoni Egaña jardun ziren kantuan Amaia Agirre gidari zutela. Saioko bertsoaldi onenak eskainiko ditugu aste honetako programan.

Biharamunean, Sansebastianetako bertso jaialdia egin zen Donostiako Antzoki Zaharrean. Unai Iturriaga, Igor Elortza, Miren Amuriza, Sustrai Colina, Nerea Elustondo eta Beñat Gaztelumendi jardun ziren bertsotan, eta Saroi Jauregik jarri zizkien gaiak. Saio honetako alerik onenak ere igandeko programan izango dira ikusgai.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Arantxa iturbe izango du gonbidatu aste honetan programak.