Arantxa Hirigoien elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran

2026/04/30
'Axut!' kolektiboko kidea da Hirigoien eta, garai batean, Hitzetik Hortzerako aurkezle izan zen. Elkarrizketaz gain, Durangoko eta Oiartzungo bertsoaldiak ere eskainiko dira larunbatean, ETB1en.

Larresoroko plazan elkartu da Hitzetik Hortzerako lantaldea Arantxa Hirigoien Iriarterekin. Axut! Euskal Antzerki Kolektiboko kidea da bera, eta taldeari buruz hitz egingo du Mirari Martiarena Iraolarekin. Sorkuntza, herrigintza eta hizkuntza artistikoa ditu ardatz Axut!-ek eta gehiago jakiteko aukera emango du programako gonbidatuak.

Ipar Euskal Herrian sormen tailerrak emanez aritzen da Arantxa Hirigoien gaur egun. Hori horrela, hezkuntzan sormenak duen garrantziaz hitz egingo du, baita sormena lantzeak gazteengan pizten duenari buruz ere; hezkuntza formalean sormenak izan beharko lukeen lekuaz ere arituko da.

Gaur egun antzerkian eta sormenaren arloan buru belarri dabilen arren, txikitatik du lotura bertsoarekin Arantxa Hirigoienek. Etxean bertsozaleak izan dira betidanik, eta Xanti Iparragirre Perurenaren eskutik iritsi zen bertso eskolara. Ondoren, 1999an, Hitzetik Hortzerako aurkezle izan zen: bi denboraldiz aritu zen lan horietan Josu Goikoetxea Gezuragarekin batera. Garai hartako programari buruz eta lan egiteko moduari buruz ere ariko dira hizketan Hirigoien eta Martiarena.

Bertso jarriak, Saats Karasatorreren eskutik

Larunbateko programa osatzeko, Saats Karasatorre Martinez bertsolariaren bertso jarriak entzuteko aukera izango da. Zeri kantatu baneki izeneko sorta egin du bertsolari etxarriarrak. Emozio bati tiraka egin zituen bertsoak, itomen sentsazio bati tiraka: baietz esan eta ondorengo itomenari, hain zuzen. Karasatorrek ondoan izango du Manex Pagola Apezetxea musikaria, bertsoei musika jartzen.

Durangoko eta Oiartzungo bertsoak, entzungai

Astero bezala bi bertso saiotako bertsoak ere izango dira Hitzetik Hortzeran.

Duragon, Erika Lagoma Pombar gai-jartzaile zela aritu ziren kantuan Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz eta Miren Amuriza Plaza.

Oiartzunen berriz, Su txikian bertso saio literario musikatua egin zen. Bertsotan aritu ziren Andoni Egaña Makazaga, Haira Aizpurua Ibargarai eta Uxue Alberdi Estibaritz; gaiak Alaia Martin Etxebestek jarri zituen eta Patxi Amuletek eta Bastien Marriannek musikatu zituzten bertsoak.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.