Andrea Lopetegi: “ETBn euskal kulturari leku gehiago egitea ezinbestekoa da, are soilik euskaraz egiten den eta egin daitekeen kulturari”
Hitzetik Hortzeraren aldaketa nabarmenetakoa zara, baina aldaketarik handiena zuretzako da. Lan leku berria eta egiteko berria. Nola heldu diozu erronkari?
Ilusio eta gogo handiz heldu diot erronka berri honi. Lan talde ederrarekin egin dut topo. Lehenengo egunetik eroso sentiarazi naute, eta hori gauza ederra da. Bestalde, Gaizka Azkaratek ere asko lagundu dit egitekoen zerrendarekin, eta asko eskertzen diot. Ardura handia dela uste dut, beraz, nire gogo eta jakintza guztiak proiektuan islatzen ahaleginduko naiz. Lehen esan bezala, Hitzetik Hortzeran ez nago bakarrik, esperientzia handia duten kideekin ari naiz: Mirari Martiarena, Haritz Arrizabalaga eta Irene Tapia. Eta beraiekin batera, aurten ere, mimo handiz egingo ditugu saioak.
Guztira 34 saio izango dira, aurreko urtean baino bi gehiago
Ez da, ordea, aldaketa bakarra. Aurtengo denboraldiak bi saio gehiago izango ditu.
Denboraldia irailaren 13an hasi zen eta maiatzaren 30ean amaituko da. Guztira 34 saio izango dira, aurreko urtean baino bi gehiago, bai. Pantailan denbora gehiagoz egongo gara, eta kontuan izanda elkartearen bozgoragailurik eta erakusleihorik handienetakoa dela, garrantzitsua iruditzen zait denboraldia luzatzea. Horrez gain, ETBn euskal kulturari leku gehiago egitea ezinbestekoa da, are soilik euskaraz egiten den eta egin daitekeen kulturari: gakoa dela uste dut.
Txapelketaz txapelketa egingo dugu ikasturtea. Hitzetik Hortzeran ere eragingo du horrek.
Txapelketak gertutik jarraituko ditugu Hitzetik Hortzeran. Udazken honetan, esaterako, asteroko saioetan jarraipena egingo diegu ate joka dauden Nafarroako eta Bizkaiko txapelketei, eta finalak zuzenean emitituko ditugu. Finalen biharamunetan saio bereziak egingo ditugu txapeldunen elkarrizketekin eta finaletako bertsoaldiekin.
Kontuan izanda elkartearen bozgoragailurik eta erakusleihorik handienetakoa dela, garrantzitsua iruditzen zait denboraldia luzatzea
Baina bertsoa ez da soilik txapelketa, eta HH ere ez da soilik txapelketa izango...
Ez, aldiro protagonista bat edo batzuk izango ditugu, euskal kulturaren eta bertsogintzaren ertz desberdin bat ezagutzeko aukera emango digutenak. Gainera, plazetako bertso saioak ikus-entzuteko aukera egongo da, baita bertso jarriak ere.