Amaia Agirre elkarrizketatu du Bertsoak

2019/02/05
Ostegunean izango da ikusgai eta entzungai Villabonako bertsolariarekin izandako solasaldia. Iturengo inauterietako bertso bazkaria ere dastatuko dugu sareko plazan.

Bertsolariaren tokitik bai, baina gai jartzaile gisa ere maiz ikusi dugu Amaia Agirre plazan. Bere ibilbideaz zein bertsolaritzaz oro har hitz egingo digu Agirrek. Ostegunean izango da hori.

Iturengo inauterietan egin ohi den bertso bazkarian izan ziren Agin Laburu eta Maialen Lujanbio; eta haiek zer kantatuko, Iturengo bertsozaleak eta Bertsoa.eus atariko kamerak adi. Jada zuen gozamenerako eskura daude aleok sareko plazan.

Horrez gain, Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketetara begira jarriko da ataria: bi txapelketen hasieraren berri eman ez ezik, Arabakoaren aurkezpenean jasotako hitzak bildu ditu.

Eta Bertso Erronda, gainerako saioen agenda, Hitzetik Hortzera... bada bertsolaritzaz non gozatu!

Ostegunean, Amaia Agirre Bertsoan.