ALBEk 40 urte, hitzetik hortzera

2021/02/04
1980. urtean sortu zen ALBE, Algortako Bertsolari Eskola, eta geroztik lan handia egin du Algorta zein Uribe Kosta bertsozaletzen eta bertsolaritzen. Aste honetako programan Jone Uria eta Unai Mendiburu albekideekin elkartu gara, eta iazko urteurrenaz eta ALBEren ibilbideaz solasteko aukera izan dugu. Hitzetik Hortzera, larunbatean eta igandean, ETB1en.

ALBEk ezin izan du 40. urteurrena nahi bezala ospatu, baina ez da eskuak gurutzatuta gelditu, eta 2020ko urtean zehar saio gehienak gauzatzea lortu du ahal bezala. Oro har, bertso-eskola guztientzat dira garai zailak, bertsotarako elkartzea bera ere ia ezinezko bilakatu baita zenbait talderentzat.

Amaigabea da ALBEk, Uribe Kostako eragile eta udalekin elkarlanean, antolatzen dituen bertso saioen zerrenda. Bertso Maratoia, Bertso Jaialdi Mundiala edo Balkoitik Balkoirakoa dira saio esanguratsuenak, eta, horiez gain, Balendin Enbeita Bertsopaper Sariketa, ALBE Gala, ALBE Eguna edota ABRA Saria ere nabarmentzen dira. Azken urteotan antolatutako saioen irudi eta bertsoaldiak gogoratzeko aukera izango dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran, Jone Uria eta Unai Mendiburu albekideak ondoan ditugula.

Lezamatik Oriora

ALBEk antolatzen dituen saio esanguratsuenen irudiak ikusteaz gain, Lezamako saioko bertsoaldiren bat eta Orion abenduaren hasieran izandako saioko bertsoaldiez gozatzeko aukera ere izango dugu. Bertsoaldi Kuttunaren atalean, Joxeba Altuna Orioko bertsozaleak 2017ko Txapelketa Nagusiko finalera eramango gaitu, Maialen Lujanbioren eta Unai Agirreren artean osatutako ofiziora, hain zuzen ere.

Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Eider Jone Uria eta Unai Mendiburu albekideekin elkartu da.