Aitor Sarriegiren bertso ibilbidearen errepasoa, Hitzetik Hortzeran
Umetatik dabil bertsoaren bueltan Aitor Sarriegi Galparsoro, edo bertsoa dabil bere bueltan. Eta buelta hori zein bera hobeto ezagutzeko, bera izango da protagonista aste honetako Hitzetik Hortzeran.
1989an kantatu zuen bat-bateko lehen bertsoa Segurako eskolan, eta Goierriko bertso eskola sortu zenean hasi zen bertso eskolan, Mikel Mendizabal irakaslearekin. Garai hartan Goierrin zegoen bertso giroaz arituko dira aste honetako programan. Lehen plazak, Eskolartekoa eta gazte sariketak ere izango dituzte hizpide. Bertsolari bezala, bertsoari eman nahi izan dionaz, bertsolari izaeraz, nahiez eta damuez ere hitz egingo dute Sarriegik eta Mirari Martiarena aurkezleak.
Aitor Sarriegiren bertso ibilbidean txapelketak ere izan dute bere garrantzia: 22 urtez aritu zen txapelketan, 1995ean hartu zuen parte lehen aldiz eta 2017an esan zien agur BEC-en egin zen finalean. Ordutik Gipuzkoako bi finaletan kantatu zuen, eta 2011n txapela irabazi zuen. Txapel horren garratziaz eta Euskal Herrikoetan atarian geratzean eta finaletan sartzeaz ere arituko dira.
Kontu hauek guztiak errepasatuko ditu Martiarenak Sarriegirekin batera, bere ibilbideko bertsoaldiak gogora ekarriz.
Ez galdu Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.