Ahostegunetan elkartuko dira kulturzale gazteak udazken honetan

2022/10/21
Azaroaren 17tik abenduaren 1era izango da, ostegunetan, Gasteizen. 2019an sortutako egitasmoak aurten ere jarraituko du Euskaltzaindiaren eskutik, Mintzolaren baitan. Azaroaren 10eko eguerdira arte eman daiteke izena erakundearen webgunean.

Antzerkian, bertsolaritzan, kantuan eta literaturan murgiltzeko eta gozatzeko dira Ahostegunak saioak. 18 eta 22 urteko gazte sortzaile eta kulturzaleentzat dira jardunaldiak: azaroaren 17tik abenduaren 1era bitartean, ostegunero elkartuko dira izena ematen duten gazteak Euskaltzaindiaren Gasteizko egoitzan (Gaztelako Atea, 54 / Etxezarra eraikina). Saioak 17:00etatik 20:00etara izango dira.

Gazteak beraien artean solasean egin eta esperientziak eta iritziak partekatzeaz gainera, hori guztia kultur diziplina horietan aditu eta aritu diren hainbat sortzailerekin egiteko aukera izango dute: esate baterako, tartean izango dira Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariak. Beste egunetan, Merina Gris taldea eta Marina Suarez artista ere izango dira.

Saioak dohainik eskainiko dira, baina interesdunek izena eman beharko dute Euskaltzaindiaren webgunean bideratu den izen-emate orria beteta, azaroaren 10eko eguerdia baino lehen. Hemen duzu lotura zuzena.

Euskaltzaindiaren eskutik, Mintzolaren baitan

2019an sortu zen Ahostegunak Mintzolaren baitan, aurretik jada bidea egina zuen Ahots Baten sormen egonaldiaren filosofia berarekin, baina adinez helduago ziren gazteei antzerako egitasmo batekin gozatzeko aukera eman nahian; hain justu, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin lankidetzan antolatu zen, unibertsitatetik gertu, eta Euskaltzaindiak Donostian duen bere egoitzako ganbara utzita, han egin ziren lehen edizioak.

Euskaltzaindiaren eskutik antolatu da aurten, erakundeak Mintzola egitasmoaren ardura hartuta: hemen topatuko duzu aurtengoaren informazioa.

Aurreko edizioen berri duzu hemen.