Ahoa Bete Hotsen izena emateko epea, amaitzear

2015/06/18
Ekainaren 22an bukatuko da "Emozioak eta umorea ahozkotasunean" jardunaldietan matrikulatzeko aukera.

Hilabete hasieran zabaldu zuen Mintzola FundazioaAhoa Bete Hots jardunaldietan matrikulatzeko epea, eta datorren astelehenean, ekainaren 22an, amaituko da. Matrikulazioan deskontua dute Antzerkizale, Kantuzale, Ipuin Kontalari edo Bertsozale Elkarteetako bazkideek zein ikasle, langabetu eta erretiratuek, eta baita Aiztondo mankomunitateko biztanleek ere.

Ahoa Bete Hots jardunaldiak burutzen diren seigarren aldia da. Bost urteetan egindako ibilbidean matrikula kopuruak gorantz egin du eta parte-hartzaileen balorazioek aurrera begira ere antolatzen jarraitzeko gogoa eta ilusioa piztu dituzte. Ahozko kultur sorkuntzan ari diren diziplinatako adituek hartzen dute parte, gai eta kezkak partekatzeko topagune gisa.

Uztailaren 1etik 3ra izango dira jardunaldiak aurten. Emozioak eta umorea izango dituzte ardatz eta denetariko adituak gonbidatu dira: Amaia Vazquez psikologoa, Asisko Urmeneta marrazkilaria eta Ander Lipus antzezlea, besteak beste.

Irakasleentzat, jendaurrean aritu ohi direnentzat, begiraleentzat eta azken finean ahozko generoarekin gozatzen duen edonorentzat aproposak dira jardunaldiak. Ez galdu aukera, eta eman zure izena astelehena baino lehen!

Informazio gehiago topatuko duzu hemen.

Ahoa Bete Hots 2015