Ahalduntze Bertso Eskolarako izen-ematea zabaldu dugu berriro

2024/03/25
Hirugarren hiruhilekoan parte hartu ahal izateko izena emateko aukera dago apirilaren 3a bitarte.

Ikasturtea irailean hasi bagenuen ere, hiruhileko bakoitzean parte hartzeko aukera eskaintzen dugu Ahalduntze Bertso Eskolan. Apirilaren 13an izango da azken hiruhilekoko lehenengo saioa eta izena eman nahi duenak apirilaren 3rako tartea izango du horretarako. 50 euro balio ditu matrikulak eta lotura honen bidez eman daiteke izena (ITXITA).

Bederatzigarren ikasturtea du 2023-2024koa Ahalduntze Bertso Eskolak. Plazako bat-bateko jardunari begira trebatu nahi duten emakume* bertsolarientzat da eta larunbatez elkartzen da taldea 10:00etatik 14:00etara. Beraren edo ingurukoen zaintza beharrik duen partaiderik balego, adierazi oharretan eta aztertuko genuke.

Azken hiruhilekorako egitarau ederra prestatu dugu. Apirilaren 13an Durangon elkartuko gara denok Leire Bilbao idazlea lagun dugula. Maiatzaren 11n Durangon eta Amasa-Villabonan ditugu hitzorduak, talde bakoitzak leku batean. Azkenik, ekainaren 8an Portugaleten denok batera egongo gara, azken egun berezia ospatzeko, sorpresa eta guzti.

Hemen dituzue Ahalduntze Bertso Eskolari buruzko xehetasun gehiago.