Ahalduntze Bertso Eskola Feminista ezagutzeko aukera izango da Hitzetik Hortzeran
Iazko ikasturtean bete zituen hamar urte Ahalduntze Bertso Eskola Feministak, eta urte guzti horietako zein oraingo esperientziak partekatzeko elkartu da Hitzetik Hortzerako lantaldea bertso eskolako partaideekin. Konpromisoan, esperimentazioan eta aniztasunaren oinarrien gainean egiten den bertso eskola da, eta sortu zenetik izan ditu aldaketak. Hitzetik Hortzerako lantaldea Haira Aizpurua Ibargarai eta Maider Arregi Markuleta bertsolariekin eta Jone Lizarralde gai-jartzailearekin elkartu da, eta bertso eskola honek bakoitzari eman dionari eta saretzearen garrantziari buruz ariko dira.
Gaur egun bertso eskola ibiltaria da, eta hilero elkartu dira Euskal Herriko txoko desberdinetan. Gainera, aditu desberdinekin lan saioak ere egin dituzte. Horietariko bi egon diren astean izan da Hitzetik Hortzeraren grabaketa: Alaia Martin Etxebeste eta Nerea Ibarzabal Salegi izan direnean. Txapelketaren prestakuntzari buruzko lan saioa prestatu zuten Martinek eta Ibarzabalek, eta Ahalduntze Bertso Eskola Feministak euren bertso ibilbidean izan duen garrantziari buruz ere hitz egingo dute Mirari Martiarenarekin.
Aita zanari bertso sorta, entzungai
Aste honetan ere bertso musikatuak izango dira Hitzetik Hortzeran, oraingoan, sorta historikoa: Manuel Olaizola Uztapidek idatzitako Aita zanari bertso sorta. Izenburuak dioen moduan, Uztapidek aitaz zuen oroitzapena jaso zuen bertso hauetan.
Bertsoak Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek abestuko dituzte eta, ohi bezala, Manex Pagolak jarriko die musika.
Baigorriko eta Bilboko bertsoaldiekin gozatzeko aukera
Astero legez, bertso saio bi eramango ditu Hitzetik Hortzerak etxeetara.
Alde batetik, Baigorriko Nafarroaren Egunean izan zen bertso saioko bertsoaldiak izango dira. Bertsotan Maddi Ane Txoperena Iribarren, Onintza Enbeita Maguregi eta Sarai Robles Vitas aritu ziren; gai-jartzen, berriz, Xalbat Alzugarai eta Amaia Castorene aritu ziren.
Beste alde batetik, Bilboko Bira Kulturgunean Señora bertso saioa egin zuten. Maialen Lujanbio Zugasti, Maite Sarasola Isazelaia, Nerea Ibarzabal Salegi eta Oihana Bartra Arenas aritu ziren bertsotan. Gaiak jartzen, ostera, Señora Bertso Eskolako kideak aritu ziren.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.