Adimen gaitasun handiko haurrak Hitzetik Hortzeran

2023/11/17
Amaia Agiriano psikologoa elkarrizketatuko du Mirari Martiarenak, eta Bizkaiko zein Nafarroako finalaurrekoetako bertsoaldiak eskainiko dira larunbatean, 21:00etatik aurrera, ETB1en.

Aramaion elkartu da Hitzetik Hortzera aste honetako gonbidatuarekin. Amaia Agiriano psikologoak bere etxeko ateak zabaldu dizkio Mirari Martiarena eta programako lantaldeari. Amaiak bere lanean konbinatzen ditu psikologia, hezkuntza, artea eta arkitektura. Azken hamar urtean psikologo lanetan dabil, eta hor uztartzen ditu maite dituen gauzak. Adimen gaitasun handiko haurrei buruz gero eta gehiago hitz egiten da, eta Amaia bera aditua da.

Gaitasun handia duten haurren ezaugarriak eta bizitzeko eta sentitzeko moduak ezagutzeaz gain, euren inguruan dauden mitoak deseraikitzea izango da elkarrizketaren asmoa. Askotan pentsatzen baita gaitasun handiko haurrek ez dutela laguntzarik behar; baina guztiz aurkakoa dela azalduko du Amaiak.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eskatuta, bertsolaritzako irakasleei ere formazioa eman die, 9-11 urte arteko haurrek garapen psikologikoan dituzten ezaugarriei buruz. Eta bertsolaritzak adimen gaitasun handiko haurrei ere asko lagundu diezaiekeela uste du.

Ez da bertsolaritzarekin duen lotura bakarra, izan ere, gaztetan Almen Ikastolako bertso-eskolan ibili zen. Patxi Goikolea izan zuen irakasle, eta modu politean gogoratzen ditu urte haiek. Bertso-eskolako garaiez gain, gaur egun bertsoekin duen harremanari buruz ere ariko da Amaia Agiriano.

Agoizko eta Berrizko finalaurrekoak

Aurrera doaz Nafarroako eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketak eta joan zen asteburuan jokatutako bi finalaurrekoetako bertsoaldiak eskainiko dira programan.

Nafarroan bigarren finalaurrekoa Agoizko kultur etxean izan zen: Ekain Alegre, Idoia Granizo, Julen Zelaieta, Julio Soto, Urko Gartzia eta Xabat Illarregi aritu ziren kantuan, eta Maialen Belarrak egin zituen gai-emaile lanak.

Berrizko Olakueta pilotalekuan jokatu zen Bizkaiko lehen finalaurrekoa. Bertan abestu zuten Aitor Etxebarriazarraga, Eneko Abasolo Abarkas, Gorka Pagonabarraga, Iruri Altzerreka, Koldo Gezuraga eta Xabat Galletebeitia bertsolariek. Itxaro Juaristik gidatu zuen saioa.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en, eta edonoiz EITB Nahieran atarian.

Amaia Agirianorekin elkartu da Mirari Aramaion.