Bertso bazkari bat gehiago, Bertso Egunaren baitan

2020/01/07
Aramaion urtarrilaren 18an ospatuko den Bertso Egunaren baitan, zaleen eskariari erantzunez, bertso bazkari bat gehiago antolatzea erabaki dugu. Guztira, beraz, bost bertso bazkari atondu ditugu eta sarrerak urtarrilaren 12ra arte eskuratu ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus atarian. Adi ibili, bizi-bizi ari baitira saltzen!

Txartelak amaitzen ari direla ikusita eta, zaleen eskaerari erantzunez, bertso bazkari bat gehiago antolatu dugu urtarrilaren 18an Aramaion ospatuko den Bertso Egunaren baitan.

Lau saio zeuden iragarrita eta, bosgarrena Aramaioko eskolako jangelan izango da, 65 lagunentzako egokituko da eta, Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi arituko dira kantuan. Sarrerak urtarrilaren 12ra arte egongo dira eskuragarri 20 euroren truke.

Aurrez iragarritako beste otorduak hauek dira: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga izango dira Ehiztari txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe Izarra elkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso izango dira Uribarriko elkartean; eta Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre Zabolako elkartean.

Une honetan, Zabolako elkarteko otordurako azken txartel batzuk eta antolatu berria den eskolako jangelako bertso bazkarirako txartelak daude eskuragarri, gainontzeko guztiak saldu baitira jada.

Uribarriko eta Zabolako elkarteetara joateko autobusa egokituko du elkarteak herrigunetik, goizeko saioa amaitzen den lekutik -lehenerako 14:30ean, eta bigarrenerako 14:45ean-. Izan ere, bertso bazkarien aurretik, 12:30ean, bertso ibilbide gidatua egingo dugu Aramaioko kaleetan zehar. Gidari lanetan izango ditugu Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa.

Bazkariaren ondotik, arratsaldean festa luzatu nahi duenak izango du aukera, Urola erdiko trikitilariak batuko baitira 19:00etan. Are gehiago: lo egiten geratu nahi duenari tokia ere eskainiko zaio, eskaera egonez gero. Horretarako eman izena hemen, urtarrilaren 10a baino lehen.

Aramaioko Udalarekin eta Aramaioko bertso-eskolarekin antolatu dugu elkarlanean 2020ko Bertso Eguna, eta beste zenbait elkarteren laguntza ere izan dugu: Amillena Aramaioko turismo elkartea eta Iparra-Hegoa kasu, bazkariak hartuko dituzten elkarteez gainera.

Informazioa, hemen.

Arabako Bertsozale Elkartearen batzarra

Hitzordua baliatuko dugu Arabako Bertsozale Elkartearen batzarra egiteko: 10:00etan izango da, Aramaioko udaletxean. Gainera, lehenago, Arabako Kuadrilla Artekoa ere aurkeztuko dugu, 9:00etan, toki berean.