9-11 urteko bertso piratak Zuhatzako irlan!
Lapurdi, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 48 pirata elkartu dira Zuhatzako Bertso Udalekuan, uztailaren 25etik 29ra. Uretan diren eta flotatzeko sistema guztiak ezagutu dituzte: arrauna, piragua, pedaloak, wind surf eta optimist egin dute Arabako itsasoan (Ulibarrin). Lehorrean jolasak eta tranpak, lagunak eta rona. Irlan izaki mitologikoak ere agertu zaizkie. Baita bi bertsolari naufrago ere: Aroa Arrizubietak eta Julio Sotok gaubela ederra pasa zuten, irri eta kantu.
Irlan umorea, partxeak eta bihotza jarri duten begirale taldean elkartu dira Beñat Astiz, Danel Herrarte, Haritz Alberdi, Maddi Agirre, Sabin Abarrategi eta Uxue Ostolaza.
Aurtengoa Bertso Udalekuen 27. edizioa da eta 196 partaide elkartu ditu; horietatik %87 bertso eskoletan dabiltza eta %77 iaz ere Bertso Udalekuetan izan zen. Bertso Udalekuak Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren babesaz eta Irizarren laguntzaz.