21.000 haur ari dira ikasgelan bertsolaritza lantzen transmisio proiektuaren baitan

2014/11/25
2014/15 ikasturtea abian da eta eskola ordutan bertsolaritza lantzen hasita daude zazpi herrialdeetako 21.000 ikasle

24 urte dira Bertsozale Elkarteak eskaintzen duen “Bertsolaritza irakaskuntzan” proiektua sortu zenetik. Gaur egun 410 ikastetxe dira partaide; zentro publikoak, ikastolak zein kristau eskolak daude horien artean, eta nagusiki Lehen Hezkuntzako 4., 5. edo 6. mailan gauzatzen da.

Bertsozale Elkarteko 38 irakaslek astero edo bi astez behingo maiztasunez, bertsolaritza klasea gidatzen dute ikasgelan, eskola orduetan. Proiektuaren oinarriak Bertsolaritzaren Curriculuma eta 2011ko Ixaka Lopez-Mendizabal saria duen ikasmateriala dira.

Horrez gain, ikasturtean zehar egindako lana ikasgelatik ateratzeko, hainbat ekimen ere burutzen dira proiektuaren barruan: ikastetxeak elkartuta egiten diren jaialdiak zein kantaldiak, bertso bildumak, irratsaioak...

Herrialde guztietan lanean

Herrialde bakoitzean azpimarratzeko gorabehera hauek ekarri dizkigu ikasturte berriak:

  • Gipuzkoan lau ikastetxe berri egin zaizkigu proiektuko partaide.
  • Araban finantziazio arazoak medio Añana eskualdeko 3 ikastetxeek utzi behar izan dute, eta Gasteizko 2 ikastetxe berri sartu dira ekimenean.
  • Bizkaian 13 dira proiektuan sartu diren ikastetxe berriak.
  • Iparraldean lehen mailako 25 ikastolatatik 24etara hedatzea lortu da.
  • Nafarroan Hezkuntza Departamenduak finantzatzen zuen orain arte Nafarroako ikastetxe publikoetan bertsolaritza landu ahal izateko proiektuaren zati handi bat, eta finantzazio hori kendu du 2014an. Hala ere, Nafarroan proiektua mantentzea soilik ez, 5 ikastetxe berritara ere iristea lortu da. Irakasleek, gurasoek eta udal zein mankomunitateek proiektuari dioten estimazioaren adierazle. 

Eskolak ematearekin batera, bestelako hamaika ekimen egiten dira ikastetxeetan