Bertso Udalekuetako txandak argitaratu ditugu

2026/01/30
Martxoaren 2an hasiko da izen-ematea gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat edota bertso-eskolako kide direnentzat.

Bertso Udalekuetako gazteak aurten bi gunetan elkartuko dira: 9-11 urtekoak Zuhatzako irlan (Uribarri Ganboan, Araba); eta gainerako hiru txandak (12-13, 14-15 eta 16-18 urtekoak) Getadar aterpetxean (Ezprogi, Nafarroa). Lau txandak uztailean izango dira. Gaur bertan argitaratu dugu txanden inguruko informazioa eta hementxe bertan deskarga dezakezu eskuorria.

Martxoaren 2an hasiko da izen-ematea gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat edota bertso-eskolako kide direnentzat; goizeko 11:00etan zabalduko da izen-ematea eta online galdetegia betez egin behar da. Galdetegia www.bertsozale.eus atarian bistaratuko da, goizeko 11:00etan. Txandak izen-emate ordenaren arabera betetzen dira, beraz, etorri nahi ezkero bizi ibili! Izena emateko lehen epealdi hau martxoaren 15era arte egongo da zabalik. Ondoren, betetzeko geratzen diren txandekin bigarren izen-emate epea irekiko da gainerako interesdunentzat martxoaren 18tik apirilaren 13ra bitarte. Izen-emateak 11:00etan irekiko dira bi kasuetan. Edozein zalantza edo galdera duzula, jo lasai Bertsozale Elkartera: (00) (34) 943 69 41 29 / aisialdia@bertsozale.eus

Hezitzaileen izen-ematea

Parte hartuko duten gazteek izena eman aurretik, ordea, hezitzaileekin hornitu behar ditugu txandak. Otsailaren 5ean (11:00etan hau ere) irekiko da hezitzaileentzako izen-ematea: begirale, zuzendari edo sukaldari izan nahi dutenek eman ahalko dute izena. Begiraleen eta zuzendarien kasuan, ezinbestekoa izango da hezitzaile titulua izatea. Martxoan jakinaraziko dira zeintzuk diren lantaldeak eta parte hartuko dutenek prestaketa saioan parte hartu beharko dute, udalekuen antolaketa ona ziurtatzeko. Prestaketa apirilaren 25ean izango da Amasa-Villabonan, goiz eta arratsaldez, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute Bertso Udalekuen egitasmoa, eta Irizarrek laguntzen du.