2026ko abenduaren 20an izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala, Nafarroa Arenan

2025/09/03
Irailean hasi eta martxora bitarte, lau herrialdeetako txapelketak izango dira: Bizkaikoa, Nafarroakoa, Xilaba eta Arabakoa. Atzetik dator Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, 2026an. Hau ere irailean hasiko da eta abenduaren 20an izango da finala, Nafarroa Arenan.

Udazkena txapelketaz betea dator. Hasten lehena Bizkaiko Txapelketa da, hilabete honetan hasiko baita, irailaren 28an. Urdulizen izango da lehen faseko lehen saioa. Astebetera ekingo dio bideari Nafarroako Txapelketak, urriaren 4an, Auritzen.

Elkar lotuz egingo dute, gutxi gehiago, urte amaierarainoko bidea bi txapelketek. Ekiten bigarrena baino amaitzen lehena izango da Nafarroakoa. Azaroaren amaieran jokatuko da finala, 29an; lehendabizikoz, Nafarroa Arenan. Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki da. Horren isla da urtez urte txapelketa eskaintzen ari den kalitatea, eta geroz eta ikusle gehiagok jarraitzea. Bizkaiko finalak ere izango du aldaketa. Azken txapelketetan finala Bilbao Arenan izan bada ere, aurtengoan Casillan egitea erabaki da.

Tartean, behin Nafarroako finala pasata, hasiko da Xilabako lehen fasea, azaroaren 8an, Bidarten. Urte amaieran abiatu eta 2026aren hasieran amaituko da, izan ere, Xilabako finala urtarrilaren 31n izango da, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan.

Behin Xilaba amaituta, Arabak hartuko dio lekukoa. Otsailean hasiko da Arabako Txapelketa, lehen larunbatarekin, eta martxoaren 28an bukatuko da. Gasteizko Europa Jauregian izango da finala eta horrekin amaitutzat emango dira herrialdeetako txapelketak, aurten Txapelketa Nagusirako puntuagarriak izango direnak. 

2026an izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta horra begira, Arabatik, Nafarroatik eta Xilabatik bina bertsolari gehiago sailkatuko dira. Hortaz, Euskal Herrikoan 36 bertsolari izatetik 42 izatera pasako dira. Ondorioz, lehen faseak, saio bat gehiago izango du: sei beharrean, zazpi.

Finala, berriz ere, Nafarroa Arenan izango da

Irailean hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen fase hori, zazpi lurraldeetara iritsiko dena. Finala 2026ko abenduaren 20an izango da, igandearekin, Nafarroa Arenan. Azken txapelketako finala ere han jokatu zen, eta datorrena ere han izango da.

Hala ere, aurretik, Nafarroako Txapelketako finala jokatu da, lehendabizikoz, Nafarroa Arenan. Finala zein, oro har, txapelketa iragartzeko prentsaurrekoa larunbat honetan izango da, goizeko 10:30ean, Nafarroa Arenan bertan.

Bizkaiak uda aurretik aurkeztu zuen txapelketa, eta irailaren 13ko Elkartearen Eguna baliatuko du barne aurkezpena egiteko.

2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Gari Garaialde