2019 urterantz egiteko prest

2019/04/09
Pasa den apirilaren 6an egin genuen Bertsozale Elkarteko Batzar Nagusia Berrizen. Iazko urteari eta datorren honi begiratzeaz gain, gogoeta estrategikotik ateratako ondorioak ere azaleratu ziren. 60 bazkide inguru elkartu ginen.

Trenak etorri, hustu edota bete, eta berriro ere abiatzeko tokiak izan ohi dira geltokiak. Berrizen, geltoki aldamenean dago kokatuta kultur etxe zaharra, eta han egin zuen Bertsozale Elkarteak urteroko Batzar Nagusia bazkideekin: iritsi, 2018ko egitasmoez hustu eta 2019ko proposamenez hornituta, urte berrirantz abiatu gara bagoi beteekin.

11:00etan hasi zen batzarra. Arrate Illaro eta Aritz Zerain zuzendaritza taldeko kideek egin zien harrera agertutako 62 bazkideei. 2018ko ekimenak azaltzeko ikus-entzunezkoa eskaini eta Xabi Igoa zuzendaritzako kideak aurkeztutako diru kontuak onartuta, aurtengoari oniritzia emateko prozedurari ekin zitzaion. Herrialdeetako Bertsozale Elkarteetako lehendakariek eta Lanku Kultur Zerbitzuetakoak  lehenik, eta Euskal Herriko elkarteko saileko ordezkariek ondoren, beren egitasmoen berri eman zuten. Nabarmentzekoak dira, esate baterako, aurtengo urtean egokitzen den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, bertso eskolei baliabide didaktikoak eskainiko dizkien bertsoeskolak.eus ataria edota bertsolaritzari loturiko gradu amaierako lanak saritzeko laster abian jarriko den deialdia.

Hiru orduko batzarraren ondotik, Berrizko Pedro Juan jatetxean elkartu ginen bazkideok, trena berriro ere martxan dela.

Gero(r)a mugitzen, 2018-2030

2018tik zerbait azpimarratu bada, barrura begiratzeko urtea izan dela da. Bertsozale Elkartearen gogoeta estrategikoa gauzatu da hainbat fasetan, eta, azken atala falta bada ere, elkartearen egiturari dagokiona, orain arteko bidearen emaitza den Gero(r)a mugitzen, 2018-2030 dokumentua aurkeztu zen Batzar Nagusian. Ondorioetako batzuk aurkeztu zituzten elkarteko zuzendaritzako kide diren Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok eta Miren Artetxek. Laster helaraziko zaie honen inguruko informazioa batzarrean izan ez ziren bazkideei.

Besteak beste, Bertsozale Elkartearen jarduerak, euskalgintzan bai, baina, batez ere, kulturgintzan kokatu beharko lukeela ondorioztatu da. Bestalde, bertsolaritza bere osotasunean parekide izan dadin eragiteko ardura duela berretsi zen, eta elkarteak eredu izan behar duela berdintasun politiketan.

Bazkideen ordainketa, maiatzaren hasieran

Urtero moduan, maiatzaren hasieran bideratuko da kuotaren kobratzea. Norbanakoek 60 euro ordainduko dituzte; eta elkarte laguntzaileek, 120 euro.

[IKUSI BATZARREKO BIDEOAK, HEMEN]

Gogoeta estrategikoaren ondorioak ere aurkeztu ziren. / XDZ