‘Lazkagao Tattoo’ tatuatzailea elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran
Urteak daramatza Lazkagao Tattoo artistak tatuajeak egiten. Pandemian, Joxe Miel Iztueta Lazkao Txikiren marrazki bizidunak ikusten hasi zen berriz, eta orrietan bere irudiak zirriborratzen zituen. Lagun artean gustatu, eta bertsolariaren tatuajeak egiten hasi zen lagunei.
Tatuaje horiei buruz hitz egingo dute aste honetako programan baina, horrez gain, nola hasi zen tatuajeak egiten eta artistikoki tatuatu nahi izaten duenari buruz ere hitz egingo dute.
Pasaiako eta Iruñeako jaialdiak, entzungai
Bertsoak beti du lekua Hitzetik Hortzeran. Aste honetan ere, plaza bi ekarriko dituzte pantailara: Pasaiakoa eta Iruñekoa.
Pasaian Bixi-bixi elkarteak urtero antolatzen duen jaialdiko bertsoaldiak izango dira larunbateko programan. Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan kantuan Alaia Martin Etxebeste, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Maialen Lujanbio Zugasti eta Sustrai Colina Acordarrementeria aritu ziren. Gai-jartzaile lanak, berriz, Amaia Agirre Arrastoak egin zituen.
Iruñean Bertsoaroak jantzi du martxoa eta bigarren jaialdiaz gozatzeko aukera izango da Hitzetik Hortzeran. Txantreako Salestarren areto zaharrean aritu ziren bertsotan Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Aroa Arrizubieta Barredo, Eneko Lazkoz Martinez, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Nerea Ibarzabal Salegi eta Saats Karasatorre Martinez, Alaitz Rekondo Ferreroren esanetara.
Xalbadorren bertso jarriak, 'Lukas adixkideari'
Aste honetan Lukas Adixkideari izeneko bertso sortarekin amaituko da programa, Fernando Aire Xalbadorren sortarekin. Lukas Urepeleko herritar bat zen, Amerikara gazterik joana. Behin, Lukasek Amerikatik dirua igorri zion Urepeleko erretoreari bazkaria egin zezaten lau lagunek; tartean zen Xalbador. Lukasi eskerrak bidaltzeko, bertsoak jartzeko eskatu zioten lagunek Xalbadorri.
Ohi bezala Ainhoa Sarasua Laskaraik eta Eñaut Agirre Goiak kantatuko dituzte bertsoak eta Manex Pagola Apezetxea musikaria izango dute ondoan.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.