‘Hezur berriak’ Ane Labakaren poema liburuari buruz ariko dira Hitzetik Hortzeran

2025/12/03
Ane Labaka eta Ines Osinaga izango dira aste honetako elkarrizketatuak. Horrez gain, Laudioko eta Errezilgo saioetako bertsoaldiak ere izango dira larunbateko programan.

Hezur berriak poema liburua argitaratu zuen urte hasieran Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak. Liburuari bigarren bizitza bat emateko asmoz, liburua bera oinarri eta abiapuntu hartuta bertso-saio literarioen zikloa antolatu du. Ane Labakak saio hauetarako bidelagun izan ditu Ines Osinaga musikaria eta ama diren bertsokideak. Hitzetik Hortzerako lan taldea Laudioko Ekintzen Faktorian egindako saioan egon da eta Ane Labakarekin hitz egin du bertso-saio literarioek duten berezitasunari buruz.

Ane Labakaren arabera “bi bederatzi hilabeteko” kontatzen ditu liburuak: bata, haurdun zegoenekoa eta, bestea, haurra izan eta ondorengo bederatzi hilabeteko aldia. Hezur berriak liburuaren sortze prozesuaz, prozesuan bizitako egoskorkeriaz, amatasunaz eta ama bakarrik izatearen beldurraz ere hitz egingo dute Ane Labakarekin; baita liburuak dituen ertzek bertso-saioetan gaiak jartzeko eman dizkioten aukera desberdinei buruz ere.

Ines Osinagarekin ere hitz egingo du Mirari Martiarenak, Osinaga arduratu baita bertso saio literario hauetako atmosfera musikala sortzeaz. Amatasunak euskal musikaren panoraman duen lekuaz eta saioetako giroaz ere hitz egingo dute.

Laudio eta Errezilgo saioak

Elkarrizketaren gaiari helduz, Laudioko Hezur Berriak bertso saio literarioko bertsoaldiak entzun ahal izango dira larunbateko programan. Ane Labakak jarri zituen gaiak eta kantuan aritu ziren Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita.

Horrez gain, Errezilen izan zen bertso afariko bertsoak ere izango dira programan. Bertsotan aritu ziren Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colina bertsolariak, Jon Gurrutxagaren gaiei erantzuten.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Ane Labaka grabaketako une batean.