1993ko Txapelketa Nagusia igandeko Hitzetik Hortzeran

2018/12/20
25 urte bete dira aurten 1993ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusitik. Beste modu batera esanda, Andoni Egañaren lehen txapeletik edo 40 bertsolaritik 2 emakumek soilik parte hartu zuten txapelketa hartatik. Horien eta beste hainbat datu esanguratsuren berri izango dugu igandeko programan eta Belodromoko finaleko bertsoaldi onenak entzungo ditugu.

25 urte eta beste hainbeste datu esanguratsu

1993ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak 25 urte bete ditu aurten. Igandeko programan urte hartara bidaiatuko dugu egon zirenek oroitu dezaten eta egon ez zirenek ezagutzeko. Finalean abestu zuten Andoni Egaña, Xabier Euzkitze, Sebastian Lizaso, Unai Iturriaga, Jokin Sorozabal, Jon Enbeita, Anjel Mari Peñagarikano eta Aritz Lopategi bertsolariek. Gai-jartzaile lanak Laxaro Azkunek eta Bernardo Mandalunizek egin zituzten.

Eider Perez aurkezleak Txapelketa hartako artxiboak arakatuko ditu eta, besteak beste, Belodromoan jokatu zen final hartan 11.000 entzule bildu zirela jakingo dugu, goizez eta arratsaldez bi saio izan zirela eta 40 bertsolaritik 2 bakarrik izan zirela emakumeak. Denboran atzera egiteko benetako bidaia egingo dugu eta protagonisten etxeraino joango gara beraien bizipenak biltzera.

Orduko datu gehiago jakin nahi?

Estitxu Arozena eta Amaia Telletxea, bertsolariak

1993ko Bertsolari Txapelketan 40 bertsolarik kantatu zuten kanporaketetatik hasi eta finalera bidean. Horietatik 2 bakarrik izan ziren emakumeak: Estitxu Arozena eta Amaia Telletxea. Lesakan beraiekin elkartuko gara eta galdetuko diegu nola sentitu ziren ordura arte gizonezkoena zen lur zati hartan sartzean. 93ko Txapelketa hura nola oroitzen duten galdetuko diegu. Arozenak eta Telletxeak bide bat ireki zuten duela 25 urte, baina horrela sentitu ote zuten beraiek?

1993ko txapelduna, Andoni Egaña

Autoan sartu eta kostalderantz joango da Eider. Zarautzen zain izango du Belodromoko finalean txapela jantzi zuen bertsolaria: Andoni Egaña. Zarauztarraren hirugarren finala izan zen hura eta jarraian irabaziko zituen lau txapeletan lehenengoa jantzi zuen. Urte horretan zendu zen Lazkao Txiki eta berari eskaini zion bukaerako agurra Egañak. Txapelketan bizitakoari buruz galdetuko diogu eta bere ustetan duela 25 urtetik gaur egunera izan diren aldaketak zeintzuk diren jakingo dugu. Zer esango dio gaur egungo Egañak ordukoari?

Igande bazkalostean ETB1en

Hori dena igandean arratsaldeko 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak internetez ere izango du aukera EITBren Nahieran orrian.

 

1993. urtean irabazi zuen Andoni Egañak bere lehenengo txapela