10 urteko zikloari topa, ahaldunduago abiatzeko

2025/06/09
Ahalduntze Bertso Eskolak 10 urte bete ditu. Egindako bidea ospatzeko Askizun elkartu dira 10 ikasturteotan Ahalduntzen aritu diren partaideak. Ziklo berriari sortutako galderei erantzunez eta hari-mutur berriei helduz ekingo diote.

Bertsozale Elkarteak 5 urtez antolatu zituen bertso munduko emakumeen topaketetatik sortu zen Ahalduntze Bertso Eskola. 2014ko emakumeen topaketa Artaunsoron egin zen eta emakume bertsolariek oholtzan jarduteko zituzten zailtasunak bistaratu ziren, ideia ere piztuz: emakumeen bertso eskola bat sortzea, bertsotan trebatzeko gune propio bat. Halaxe sortu zuen Bertsozale Elkarteak Ahalduntze Bertso Eskola 2015eko irailean, bat-batean trebatu nahi zuten emakume guztiei zabalik. 10 edizio hauetan 81 partaide elkartu dira bertan.

Konpromisoa, esperimentazioa eta aniztasuna izan ditu zimendu eta horien gainean eraiki da. Aurten 10 urte bete ditu Bertso Eskolak, eta hasierako helburuari tiraka egin du orain arteko bidea. Gaur gaurkoz baina, Bertso Eskolak bestelako testuinguru eta errealitate bati erantzun behar diolakoan, gogoetarako baliatu dute urteurrena. 

Ahalduntze Eguna, larunbatean Askizun

Orain arte izandakoaren eta izango denaren arteko geldialdia markatu du Ahalduntze Egunak. Askizun, Getarian, elkartu dira ekainaren 7an orain arte Ahalduntzenekin batera bidea egin duten bertsolariak, gai-jartzaileak eta antolatzaileak. Belaunaldi eta edizio ezberdinetako 40 kide inguru elkartu dira eta ez dira falta izan jolasak, Ahalduntze Bertso Eskolari jarritako kantua, bertso sortak, hamaiketako-bazkari eta elkarrizketa informalak. Egun Ahalduntze Bertso Eskolan biltzen diren antolatzaileek eta partaideek ikasturte berrirako eman nahi dioten forma ere partekatu dute.  

Horrelako ospakizunetan atzera begirakoa nahigabean egiten da, baina oraingo honetan aurrera begira ere jarri dira. Orainetik etorkizuna marrazteko balio izan du, eta 2025-2026 ikasturterako eraberrituta dator.

Badira aldatuko ez diren kontuak: bertsolarientzako formazio gune bat izan da eta izaten jarraituko du, ardatza bertsotan egitea izango da; elkargunea izango da eta esperimentaziorako gunea ere bai, eta ez soilik bertsolarientzat, baita gai-jartzaileentzat ere. Probalekua izatea nahiko genuke.  Hala, bestelako kultur-diziplinekin harremanak garatuko dira, gure eremua bertsoa dela ahaztu gabe, eta, ondorioz, hizpide hartuta. Feminismotik sortutako eta landutako gaiak ekarriko dituzte guztiek: gai-jartzaileek, sortzaileek, gonbidatzen ditugun aritu eta adituek… ikuspegi horretatik jantziko dute Ahalduntze.

Hariari segiz, eraberrituta dator Ahalduntze

Garai batean bezala, blokeka funtzionatuko du. Ikasturtero hiru bloke nagusi izango dira, bakoitza gai jakin batekoa. Horrez gain, ibiltaria izango da. Talde bakar bat osatuko da eta aldiro lekuz aldatuko da. Mapa hori izen-emateen arabera trazatuko da.  Taldea trinkoa eta iraunkorra izango da helburua, eta taldekideei begira, subjektu parte hartzailearen inguruko gogoeta aspalditik zetorren, beste espazio feminista askotan bezala, eta horri erantzunez, emakumeentzat ez ezik, sexu-genero disidentziei zuzendutako gunea izango da aurrerantzean.

Subjektuaren aniztasunean jarri dute azpimarra. Aipatutako aldaketaz gain, benetan aberasgarria iruditzen baita belaunaldiartekotasunari fokua jartzea. Izan ere, plazan egon edo ez, adina bat edo beste izan, errealitate anitzak elkarren artean transmisioan egotea gakoa da. Horrez gain, hari muturren bat edo beste ere gelditu da josteko bidean, izen aldaketa posiblearena kasu. Hausnarketa bide bat zabaldu da, ziklo berrian ebatziko dena. Hori ere bada proiektuak bizi eta martxan jarraitzen duenaren eta aro berriaren erakusgarri.

 

Ahalduntzeko urteurrenean elkartutako taldea, Askizun, dinamika batean murgilduta