Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

"Momentuari helduz" emanaldia estreinatuko dute Iruñeko Bertsoaroan

2016/10/18
Alazne Untxalo eta Oskar Estanga bertsolariek eta Alberto Arteta, Satxa Soriazu eta Aritz Luzuriaga musikariek prestatu dute Lankuk ekoitzi duen emanaldia. Bertsolaritza eta jazza uztartuz, inprobisazioa du oinarri. Urriaren 25ean emango dute lehen aldiz Iruñean, Bertsoaroaren barruan eta bertan aurkeztu dute gaur.

Aurtengo Bertsoaroaren egitarau oparoak duen ezaugarri nagusietako bat da "Momentuari helduz" emanaldi bereziaren estreinaldia. Gaur aurkeztu dute ikuskizuna Iruñean, hain justu urriaren 25ean lehen emanaldia egingo duten leku berean, Kondestablearen Jauregiko patioan.

Aurkezpenean izan dira Maider Beloki, Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzia; Lorea Arburua, Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea; Oskar Estanga, bertsolari eta musikaria; eta Satxa Soriazu, musikaria.

Soriazuk nabarmendu duenez "Momentuari helduz" emanaldia "ez da bertso, ez da jazz, ez baitugu horretara mugatu nahi. Horien gainean inprobisazioan oinarritzen den emanaldia da". Estangak, berriz, halako emanaldia Bertsoaroan estreinatzeko aukera izatea "luxua"  dela nabarmendu du, "plaza honek Euskal Herriko bertsolaritzaren isla izateaz gain, apustu berritzaileak aurkezteko aukera ematen duelako".

Emanaldiaren barruan hiru inprobisazio mota diferente daudela gaineratu du Estangak, "bertso doinu ezagunak musikara ekarriak; bestelako melodiak bertsotara ekarriak; eta, azkenik, momentuan berean sortzen edo asmatzen diren melodiak". Horien gainean, musika eta bertsoa uztartuko dituzte emanaldian.

Lankuk ekoitzi du "Momentuari helduz" eta Iruñeko estreinaldiaren ostean, Euskal Herriko beste leku batzuetan ere ikusteko aukera izango da.

"Momentuari helduz" emanaldia aurkeztearekin batera, Bertsoaroaren egitarauaren berri eman dute gaurko prentsaurrekoan. Urriaren 20tik azaroaren 10era luzatuko da aurtengoa eta horren barruan hiru bertso jaialdia, haurrentzako bi emanaldi, bi emanaldi berezi eta hitzaldi bat egongo dira.

Ostegunean abiatuko da programazioa, lehen bertso saioarekin. Bertan izango dira Jon Maia, Julen Zelaieta, Oihana Iguaran, Sustrai Colina, Aimar Karrika eta Alaia Martin. Iker Iriartek gidatuko du saioa.

 

Estanga eta Sorizau, Iruñeko Udaleko eta Bertsozale Elkarteko ordezkariekin.