Bertso Korrika

AEKk eta Bertsozale Elkarteak Bertso Korrika antolatzen dugu Korrika Kulturalaren eskaintzaren baitan. Bertso saioen zirkuitua euskaltegien eta bertso eskolen sareek antolatzen dute elkarlanean, eta Lanku Kultur Zerbitzuen emanaldia ere izaten da ikusgai.

2013an abiatu zen Bertso Korrika, AEK eta Bertsozale Elkartearen eskutik. Korrika iritsi aurretik Euskal Herria girotzeko helburu duen Korrika Kulturalaren eskaintzaren baitan kokatzen da Bertso Korrika.

Bertso saioen zirkuitua euskaltegien eta bertso eskolen sarea baliatuta antolatzen da. Bertso saioez gain, Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutako emanaldiak ere eskaini ohi dira Korrika Kulturalaren baitan. Bideokopla lehiaketa ere egin da lehen bi urteetan.

BERTSO SAIOAK, EUSKARA IKASLEEN NEURRIRA

Bertso Korrikarekin bertsolaritzara hurbildu nahi dira euskara ikasleak. Haietako askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da. Horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler dezaten. Gainera, saioan zer topatuko duten, aurrez landuko dute euskaltegian, bertso eskolako gai-jartzailearen eskutik.

Bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita.

Bertso saioan zer aurkituko duten, aurrez landuko da euskaltegian. Horretarako, bertso saioko gai-jartzailea etorriko da euskaltegiko klasera, eta saioaren berri emango die: bertsolariak aurkeztuz, saioan egingo dituzten ariketa motak azalduz, eta bertso baten sorkuntza prozesua zein den azalduz. Ondoren, euskara ikasleek gai-jartzailearen laguntzaz saiorako ariketa edo gai batzuk prestatuko dituzte.

BERTSO ZIRKUITU HONEN HELBURUAK

  • Euskara ikasten ari direnek bertso saio bat entzutea (batzuentzat lehen aldia izango da), euren neurrira egindakoa, eta gustura sentitzea. Bertsolaritzara hurbiltzea;
  • Herriko bertsolariei eta bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea;
  • Kalean (edo ostatuan) euskaraz elkartzea herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak;
  • Herriko bertso eskolaren eta euskaltegiaren artean harremanak egitea.