Araba

Arabako bertso-eskolartekoa, egun osoko festa Kanpezun

2015/05/25
Larunbatean, Kanpezun bukatu zen aurtengo Arabako Bertso-eskolartekoa, topaketa eta gazteen finalarekin, egun borobila izan zen. Bertsotan, oholtza gainean goizean, eta plazan arratsaldean. Peru Abarrategik irabazi zuen.

Maiatzaren 8an eman zitzaion hasiera Arabako Bertso-eskolartekoari eta bitarte honetan hiru kanporaketa burutu dira bi adin tartetan, 14tik beherakoak, eta 14 eta 18 urte bitartekoak; bi modalitatetan, bertso jarriak eta bat-batean. Topaketak Gasteizen, Zalduondon eta Aramaion burutu dira, orotara Gorbeialdeko, Gasteizko, Lautadako eta Mendialdeko haur eta gazteak aritu direlarik. Denera 60 bat haur eta gazte aritu dira aurtengo edizioan.

Aldez aurreko beroketa lan horiek merezi bezalako amaierako festa izan zuten larunbatean, Kanpezun, bertaratutako haur eta gaztetxoen, bertsozaleen, bertso-eskoletako lagunen eta etxekoen gozagarri.

Bertso sortek ireki zuten goizeko Kanpezuko kultur etxean hasi zen bertso festa. Kanpezuko bertso-eskolako txikiak izan ziren lehenak oholtzara igotzen, eta ederki piztu zuten giroa. Horien ondotik Aramaioko bertso-eskolakoek parodia ederra prestatu zuten.

Irribarrea ahoan oholtzaratu ziren Markel Yoller, Irati Ruiz de Pinedo, Peru Abarrategi, Unai Etxenausia, Peru Amorrortu eta Unai Argote. Irribarrez baina bertsotan euren onena emateko prest. Zortziko nagusian zein txikian saio arinak eta umore ukitu ederrekin eskaini zizkiguten. 60 entzuleren aurrean, saio orekatua eta bizia osatu zuten ofizioka. Ondoren bakarkakoen txanda iritsi zen, puntuari erantzun eta hitzari bertso bat bota beharra. Entzulek gogoz txalotu zuten sei bertsolarien ahalegina eta ale ederrak entzuteko parada izan zuten bertaratutako guztiek.

Epaimahaiak, hala erabakita, Peru Abarrategik irabazi zuen finala. Hemendik aurrera, edizio batetik bestera, eskuz esku pasatuko den saria jaso zuen. Gasteizko Peru Amorrortuk bigarren postua lortu zuen. Biak izango dira Orion Ekainaren 27an izango den Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finaleko Arabako ordezkariak, herrialdeko bertso-eskolako gazte eta haur guztiek egindako ahaleginaren erakusgarri bikainak.

Bat-bateko saioa amaituta, eguraldi ona lagun, kalejiran abiatu ziren haur, gazte eta gurasoak kalean barna. Alboka, pandero eta puntuatu gabeko bertsoek hartu zuten kalea. Herriko plazan herri bazkari goxoa izan zuten eskerroneko sari. Bazkalostean bertso-showak eskaini zituzten Kanpezuko eta Aramaioko bertso-eskoletako gazteek. Egunari amaiera bikaina emateko, dantza plazan.

Gazteen bertsoaldiak bertsoa.eus-en ikusgai daude:

Irati Ruiz de Pinedo hitza emanda hemen
Unai Argote hitza emanda hemen
Unai Etxenausia eta Peru Abarrategi zortziko txian 
Markel Yoyer eta Peru Amorrortu zortxiko txikian
Peru Abarrategi eta Peru Amorrortu zortxiko handian

 

2015 arabako eskolartekoa kanpezu

                    facebook abe  twiter abe