Bertso Udalekuak hizpide, "Sormenean Hezi, Kulturaz Bizi" jardunaldietan

2021/09/28
Euskal kulturgintzaren transmisioaren etenak eragindako kezkatik abiatuta egingo dira jardunaldiak urrian eta azaroan, UEUren eskutik. Antolaketa lanetan ari da parte hartzen Bertsozale Elkartea. Izen-ematea irekita dago UEUren webgunean.

Euskal kulturgintzaren transmisioan etena eman da: euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta hezkuntza arautuan, hezkuntza ez arautuan eta familia edo etxe giroan. Kezka horretatik sortu ziren 2018an Sormenean Hezi, Kulturaz Bizi jardunaldiak: egoera aztertzeko eta transmisio hori eragin zezaketen kideak identifikatzeko baliatu ziren lehen jardunaldi haiek.

Kezka horren inguruan lanean jarraitzeko, bigarren aldiz antolatu dira jardunaldiak: 2021eko urrian eta azaroan izango diren lau saiok osatzen dute egitaraua. Urriaren 23an izango da lehena Senpereko Larraldean; azaroaren 6an, Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian izango da hitzordua; Lesakako Harriondoan izango da, aldiz, azaroaren 13an; eta, azkenik, Azpeitiko Elikagunean elkartuko gara azaroaren 20an. Saio guztiak larunbat goizetan dira, 10:00etatik 14:00etara.

Kulturgintzaren transmisioan Bertso Udalekuek ematen dituzten aukerez eta betetzen duten egitekoaz ariko da Bertsozale Elkartea. Saio bakoitzean jorratuko den edukia ezberdina da; halaber, saio batean ala batzuetan eman daiteke izena, saio bakoitzak bere izen-ematea baitu. UEUko webgunean dago egun bakoitzeko egitaraua eta izen-emate orria. Hemen duzu informazioa.

UEUz gain, jardunaldiak antolatu ditugu Ahotseneak, Oinherrik, Azpeitiko Udalak eta Bertsozale Elkarteak. Larraldearen, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren eta Lesakako Udalaren laguntza ere izan dute jardunaldiok.