Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Saioa Alkaizak irabazi du Izeta sariketaren seigarren edizioa

2014/11/24
Mariano Izeta sariketaren seigarren edizioko finala jokatu zen ostiral iluntzean Elizondon. Nafarroako sei bertsolari gazte izan ziren kantuan eta azkenean Saioa Alkaiza iruindarrak lortu zuen txapela. 75 bertsozale elkartu ziren afaloste animatuan egin zen saioan.

Saioa Alkaizak irabazi du Mariano Izeta sariketaren edizio berria. Bertsolari iruindarra nagusitu zen Elizondon jokatu zen finalean eta hortaz harentzat izan da txapela. Alkaizaren atzetik, hurrenez hurren, Maddalen Lopez, Oier Amiano, Kotte Plaza, Alazne Untxalo eta Ioar Tainta sailkatu ziren.

75 bertsozale inguru elkartu ziren Baztango Errugbi Elkartean. Afari goxoaren ostean, hasiera eman zitzaion finalari. Azaroaren 17ko hiru kanporaketetan sailkatu ziren sei bertsolariek ziren bertsotan, eta aurkezle lanetan Fernando Anbustegi. Hiru epaile izan zituen finalak: Jon Abril, Saioa Mitxelena eta Mikel Altzuart.

Bertsolariek ofiziotako, kopletako eta bakarkako lanak egin ostean, epaileen erabakiaren zain gelditu ziren bertsolarik zein bertsozaleek. Saioa Alkaizak lortu zituen puntu gehien eta harentzat izan zen txapela. Ines Izetak Mariano Izetaren alabak jantzi zion iruindarrari txapela.

Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz. Aurreko bost edizioetan Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman eta Aurizko Aimar Karrika izan dira Izeta sariketa irabazi dutenak.