Nafarroa

Ostiralean jokatuko da Altsasun Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

2016/04/14
14 eta 18 urte bitarteko hamar bertsolari gaztek hartuko dute parte Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 30. edizioan. Saioa Altsasuko Itsasi euskaltegian jokatuko da, arratsaldeko 18:30ean hasita. Sarrera doakoa da eta saioaren ondoren merendua izango da.

Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatuta, 14 eta 18 urte bitarteko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 30.edizioa izango da aurtengoa. Saioa apirilaren 15ean Altsasuko Itsasi euskaltegian jokatuko da.

Arratsaldeko 18:30ean hasita, hamar bertsolari gaztek hartuko dute parte: Joanes Illarregi (Leitza), Xabat Illarregi (Leitza), Ekain Alegre (Altsasu), Idoia Granizo (Altsasu), Aitziber Grados (Altsasu), Amets Artieda (Altsasu), Aritz Goikoetxea (Altsasu) eta Bortzirietako Bertso Eskolako zein Iruñeko Bertso Eskolako hiru kide izanen dira kantuan.

Saioa ikusteko sarrera doakoa izango da eta bertsoaldien ostean merendua eskainiko da bertan.

Maider Ansa gai-jartzaileak gidatuta, honakoa da gazteek egin beharko duten lana:

1.fasea. 10 bertsolarirekin

  • Gai orokorrarekin bertso bat osatu
  • Lau oinak emanda bertso bat osatu
  • Hitza emanda bertso bat osatu

 

2.fasea. 4 bertsolarirekin

  • Binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso koplatan

 

Lehen bi postuak eskuratzen dituztenek Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzea lortuko dute. Euskal Herriko finala eta festa ekainaren 4an izango da, Ereñozun.

Lehia formatuko ekimen honekin batera, Eskolartekoa, ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko… parada ematen duten egitasmoak dira finean Eskolartekoa osatzen dutenak.

Gaur egun 18 urtetik beherakoen 30 bertso-eskola eta 228 ikasle daude Nafarroan. 12 irakaslek gidatuta, eskola orduz kanpo ondorengo herrietan lantzen da bertsolaritza: Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi, Doneztebe, Ituren, Saldias, Legasa, Sunbilla, Erratzu, Leitza, Lekunberri, Altsasu, Iruñea, Zizur Txikia, Burlata, Barañain eta Lizarran. 

 Eskolartekoaren antolatzaileak Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea dira.

Iruñean egin zen iazko Eskolartekoa.