Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Lau bertsolari sailkatu dira Barañainen Izeta sariketako finalerako

2016/11/14
Alazne Untxalok, Iker Gorosterrazuk, Joanes Ilarregik eta Patxi Castillok jokatuko dute ostiralean Elizondon Mariano Izeta Sariketako zazpigarren edizioko finala. Pasa den ostiralean Barañainen jokatu zen kanporaketan lortu zuten lau bertsolariok finalerako sailkatzea. Haizea elkartean izan zen saioa, 50 bertsozaleren aurrean, saio ostekoa merendu batekin gozatu zutenak.

Hamar bertsolarik kantatu zuten kanporaketan: Patxi Castillo (Bera), Amaia Elizagoien (Oronoz), Sarai Robles (Barañain), Iker Gorosterrazu (Ituren), Alazne Untxalo (Ituren), Ekaitz Astiz (Iraizotz), Saats Karasatorre (Etxarri-Aranatz), Aitor Irastortza (Azpirotz), Joanes Illarregi (Leitza) eta Ander Baiano (Barañain).

Puntu batuketaren ondotik, Alazne Untxalok eskuratu zituen puntu gehien eta haren atzetik gelditu ziren Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi eta Patxi Castillok ere finalerako txartela eskuratu zuten.

Iker Mundiñano Barañaingo bertso-eskolako kidea aritu zen gai jartzaile lanetan eta Arkaitz Goikoetxea, Mikel Beaumont eta Julen Zelaieta izan ziren kanporaketako epaileak.

Finala, ostiralean Elizondon

Izeta sariketako finala ostiralean jokatuko da, 21:00etan, Elizondoko Kortarixar jatetxean. Saioak bertso-afari formatua izango du. Txartelak salgai daude jada, 15 euroan, eta Elizondoko Fantxike arropa eta opari dendan erosten ahal dira edo Nafarroako Bertsozale Elkartean erreserbatu (948143747 telefonoan edo nafarroa@bertsozale.eus posta elektronikoan).

Alazne Untxalo izan zen lehen sailkatua Barañainen.