Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Iruñeko Herriko Tabernak hartuko du bihar Bertsokabi Sariketako bigarren kanporaketa

2017/10/10
Asteazken honetan izango da saioa, hilaren 11an, 19:30ean. Joanes Illarregik eta Ekain Alegrek, Josu Sanjurjok eta Iñigo Gorostarzuk eta Mikel Lasartek eta Idoia Granizok osatutako bikoteek hartuko dute parte bigarren kanporaketa horretan.

Bihar, hilak 11, jokatuko da aurten lehen aldiz antolatu den BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketaren bigarren kanporaketa. Osotara, 16 eta 30 urte arteko hemezortzi bertsolari ariko dira sariketan, bikoteka. Horietatik sei izango dira biharko saio horretan: Joanes Illarregi eta Ekain Alegre, Josu Sanjurjo eta Iñigo Gorostarzu eta Mikel Lasarte eta Idoia Granizo. Iruñeko Herriko Tabernan (Karmen kalea) jokatuko da kanporaketa, 19:30etatik aurrera. Bikote irabazlea zuzenean sailkatuko da urriaren 26an Iruñeko Arrano Elkartean jokatuko den finalera. Hirugarren kanporaketa urriaren 20an jokatuko da, Barañaingo Gaztetxean; bikote irabazleak finalerako txartela eskuratuko du. Han batuko da biharko saioko irabazlearekin, eta baita pasa den asteko lehen kanporaketan sailkatutako Alazne Untxalo eta Irati Majuelorekin.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Sariketa berri bat, Xalto Sariketa ordezkatzeko

Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Azken urteetan, txandaka, bi sariketa nagusi antolatu ditu elkarteak Nafarroan, Xalto Sariketa eta Izeta Sariketa. 1992an antolatu zen lehenbizikoz Xalto Sariketa, eta hamairu edizio jokatu dira ordutik. Izeta Sariketak, aldiz, segiarren aldia izan zuen iazkoa. Xabier Silveira, Estitxu Arozena eta Julio Sotoren gisako bertsolariak, gerora Nafarroako txapeldun izandakoak, izan dira halako sariketetan txapeldun.

Hainbat arrazoi medio, Xalto Sariketa berriz ez antolatzea erabaki zuen iaz Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bere tokian, edonola, sariketa berri bat martxan jartzeko hautua egin zuen elkarteak, eta egitasmo berri hori Iruñerrian txertatzeko asmoa nabarmendu zuen. Hala jaio da BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, aurten lehen aldiz ospatuko dena.

Hiru bikote eta sei bertsolari izango dira sariketako bigarren kanporaketan.