Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

otsailak 7, Gasteiz

BERTSO-MERENDUA

Bat-bateko taldeak: Bertxotxoak – Gasteiz eta Unibertsolariak – Aramaio

Idatzizko taldea: Lehiotik at!

Antolatzailea: Bertxotxoak - Gasteiz

ARGAZKIAK

 

Argazki gehiago ikusteko

 

BIDEOAK

Idatzizkoa: Lehiotik at! taldea
Bat-batekoa: Aramaioko Unibertsolariak koplak

 

KRONIKA

Landatxo bertso giro ederrean murgildu zen

Otsailaren 7an, ostirala, arratsaldeko 20:30ak inguruan bildu ginen Gasteizko alde zaharreko Landatxo elkartean 25 lagun inguru Gasteizko Bertxotxoak taldeak antolatutako saioaren harira. Saio ederra izan genuen bai idatzizko eta bai bat-batean aritu ziren taldeen eskutik. Idatzizko Leihotik at! (Gasteiz) taldea aritu zen lehenbizi “Abadiñoko Karmentxu” doinuan bertsolaritzari kritika eginez, beti ere umore onez eta ikusleen txaloak jasoz. Bat-batekoan, berriz, Gasteizko Bertxotxoak taldea osatzen duten Maialen Saez de Okariz, Uxue Ruiz de Arkaute, Maite Solozabal eta Amaia Lasaga bertsolariak eta Aramaioko Unibertsolariak taldeko Paula Amilburu, Maria Izaga, Beñat Burgi, Sabin Aranburu eta Peru Abarrategi aritu ziren, Maialen Kortabarria gai-jartzailearen gidaritzapean. Egin beharreko ariketak hauexek izan ziren: bi ofizio 8ko txikian, talde bateko bertsolari bat beste taldeko guztien aurka, objektu bana talde bakoitzeko bertsolari banari, taldeka koplatan gitarraren laguntzaz eta librean.

 Bertsolarien agurraren ostean, ofiziotan Sabin eguraldi gizonaren paperean jarri zuen Maialenek eta Maite berriz, Arabako patatera paperean. Sabinek eguraldi ona iragarri zuen baina txarra egin du eta kostako olatuak maiteren orturarte iritsi dira. Sabinek hondartza bere etxerarte eraman ziola eta ez kexatzeko bota zion Maiteri, Maitek umorez “hondartza ez dugu nahi pantanoa hobeto, orain egizu zerbait hori konpontzeko” erantzun zion.

Hala ere, bertso alerik onenak bertsolari batek beste talde osoaren aurka kantatu zuenean eman ziren, Maialen Kortabarriak Maialen Saez de Okariz San Blasen paperean jarri zuen lehenbizi, Aramaiokoak katarroa kentzeko eskatzera joan dira San Blasengana eta zerbait eskaini behar diote trukean. Umoretsu jardun zuen Mariak bere 20 kilo edota Sabinek bertso klase batzuk eskainiz, eta Maialenek, berriz ere, irudimen handia duela argi utziz, dotore erantzun zien aramaioarrei. Kontrako egoeran aritu zen Paula Bertxotxoen aurka. Paula Maroto,Gasteizko alkatearen, paperean jarri zuen eta bakoitzak plater bat eskaini behar zion gastronomia lehiaketa baterako Bertxotxoak fin aritu ziren lanean eta Paulak bikain erantzun zien eskaintza guztiei,  bertsoak erderaz botatzeko abilezia ere baduela erakutsiz “ por menos he mandado a otros a la audiencia” amaiera polita emanez.

Oro har saio ederra izan zen, umoretsua, bi taldeak dotore aritu ziren eta publikoak asko gozatu zuen. Bertxotxoen hurrengo saioa otsailaren 21ean izango da Agurainen, Unibertsolariena berriz, martxoaren 29an Aramaion. 

 

BERTSO IDATZIAK

LEIHOTIK AT! taldea

 

(Abadiñoko Karmentxu doinua)

Gaur ere bertso saioa (bis) ai!

guk ez daukagu gogoa

lagunak maite ditugu, ai!

baina gorroto bertsoa (bis) ai!

gaur ere bertso saioa.

 

Izateko abertzale (bis) ai!

edo eta euskaltzale

zergatik ostia izan behar da ai!

derrigorrez bertsozale (bis) ai!

izateko abertzale.

 

Zer da bertso udalekua (bis) ai!

da adoktrinamendua

haurrak manipulatzea (bis) ai!

zer da bertso udalekua.

 

Eskuetan patxarana (bis) ai!

arabar bertsoen zama

merezimenduz lortuta ai!

mozkor galantaren fama (bis) ai!

eskuetan patxarana

 

BECeko konpromezua (bis) ai!

ai ze nolako izua

ulergaitza da mezua ai!

hiztegia beharezkua (bis) ai!

BECeko konprmezua.

 

(Lokaleko leihotik)

1, 2  1,2, 3, 4!

Landatxoko leihotik gure aldarrikapena

bertsoa nahi dugu orain betiko amaitzea.

Zertarako bertsoa?

Nora doa errima?

Araban inporta zaiguna da "potatoa"

 

Landa zabalak eta paisai horia

araba lehorra dugu baita bertsotan!

Ohi den moduan arabako saioetan

inor ez da joaten ezta bisitan

planteamendu berri bat beharko da

agian patxarana oparitan!

1, 2,  1, 2, 3, 4!

Landatxoko leihotik gure...

Albisteak

Gasteizen eta Izarran Arabako Kuadrilla artekoaren hurrengo bi saioak

Gasteizen eta Izarran Arabako Kuadrilla artekoaren hurrengo bi saioak

2014/02/05

Bigarren asteburuan bi saio egingo dira, bi taldek antolatuta, sei talde ezberdinek parte hartuko dute idatziz eta bat-batean.

Gasteizen eta Izarran Arabako Kuadrilla artekoaren hurrengo bi saioak - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2014/02/07
Ordua
20:30
Herria
Gasteiz
Tokia
Landatxo elkartea