Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Umorea nagusi, Arabako Bertso-kuadrilla artekoaren bigarren asteburuan

2014/02/10
Bi saio egin ziren Gasteizen eta Izarran

Arabako Bertso-kuadrilla artekoaren bigarren asteburuan bi saio egin ziren; Gasteizen eta Izarran. Mahaiaren bueltan sortzen den giroan 6 talde aritu ziren asteburu honetan, 4 bat-batekoak eta 2 idatzizkoak.

Gasteizko Bertxotxoak taldeak afaria antolatu zuen Landatxo elkartean, ostiral gauean. Afariaren ondorengo giroan Gasteizko Lehiotik at! taldeak sorta idatzi bat kantatu zuen jende aurrean “Abadiñoko Karmentxu” doinuan bertsolaritzari kritika eginez.  Jarraian, bertako taldea eta Aramaiotik etorritako Unibertsolariak taldeek bat-bateko lagun arteko saioa egin zuten. Maialen Kortabarria gai-jartzailearen gidaritzapean, egin beharreko ariketak hauexek izan ziren: bi ofizio 8ko txikian, talde bateko bertsolari bat beste taldeko guztien aurka, objektu bana talde bakoitzeko bertsolari banari, taldeka koplatan gitarraren laguntzaz eta librean. Saio umoretsua izan zen.

Larunbatean Urkabustaizko Bertso-eskolak antolatu zuen bertso-bazkaria Izarrako, Behekoiturri elkartean.  Idatziko modalitatean Urkabustaizko Gazte Asanbladakoak aritu ziren, Izarrako Gaztetxea izan zen landu zuten gaia, lau urte pasatu dira desalojatu zutenetik. Olatz Santocildes gai-jartzailearen eskutik, Urkabustaiz eta Aguraindik etorritako Sorginetxe taldeak aritu ziren kantuan.

Hurrengo saioak

Datorren astebururako Mendialdeko, Arabar Errioxako, Aguraingo, Aramaioko eta Amurrioko bertso-eskolek saio bana antolatu dute. Ostiralean Ataurin, larunbatean Oion, Ozaeta, Aramaio eta Amurrion. Antolakuntza erakustaldia Arabako bertso-eskoleena.

Saioen inguruko informazio guztia www.bertsozale.com/araba web gunean.

bideo spot