Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

otsailak 14, Atauri

BERTSO-AFARIA

Bat-bateko taldeak: Mendialdea eta Errexala – Gasteiz

Idatzizko taldea: Mendialdeko bertso-eskola

Antolatzailea: Mendialdea

Argazkiak

   

Argazki gehiago ikusteko

Kronika

Mendialdeko Bertso-eskolak egindako kronika

 2014ko otsailaren 14ko, ilargi bete egun batean, Atauriko herrian bildu ginen Mendialdea bertso
eskolak, Errexala taldekoak eta Haizemon musikariak. Bertso eskolako kide batek, beldurraren
beldurrez, Madrilera alde egin zuen, gainerakoan, beste guztiak ginen bertan. Ikusleak animatuta
zeuden, eta tartean herriko zenbait lagunek animoz eta txaloz hartu gintuzkeen. Guztira 40 lagun
inguru. Bapo afaldu eta edan ondoren, mendialdeko bertso kideak, mozorroa eta patxaranen artean
ezkutatu ginen, lehen aldia zela kontutan hartuz...


Bertso idatzietan, Haizemon eko kideek o bella ciao eta itziarren semeak-en doinutan bertso sortak
kantatu zituzten, alboka, soinu eta panderoen laguntzaz. Jarraian, gure sortaren ordua izan zen,
mendialdeko deskribapena eginez, martxa baten azken notak doinuan. Behin eztarriak berotuta eta
mingaina arin, bat bateko saioari ekiteko ordua heldu zen. Errexalako agurrak etxean ikasikoak
zirela nabaritu ziren, baina luze eta bikainak izan ziren, Mendialdekoenak berriz, motzak, bat
batekoak eta koreografiadunak. Behin lotsak kenduta, 4 oinak emanda bertsoa osatu genuen
bertsolariek. Ondoren, bukaera emanda bertsoa osatzeko garaia izan zen. Ariketa guztietan, bizkor
eta esanahirik ez zen falta izan. Binaka berriz Felipe eta Julen, ligatzen saiatu ziren bertsoen
aitzakian, noski Valentin deuna baitzen.


Jendeari aspertzeko denborarik eman gabe, kopla librean aritu ginen, errexalakoak inauteriak izan
zituzten hizpide, mendialdekoek berriz polizia kontrol batekin egin zuten topo. Ikusleen barreek
bertsoen ahotsa gainditzea lortu zuten bein eta berriz, Xenpelar dokumentazio zentroaren kalterako.
Bat bateko saioarekin amaitzeko puntuka aritu ginen, suelto xamar aritu ginela esan behar, tartean
norbaiten bertsoak ulertzeko itzultzailearen beharra ere izan baikenuen. Agur esaten hasi eta
pixkabat kosta zitzaigun saioari amaiera ematea, egunsentiari ere bertsoak bota zizkionik izan
baitzen. Agurrik ez beraz, gero arte bat baizik!

Bertso idatziak

Haizem@n albokariakMendialdea Bertso-eskola

Doinua: Itziaren semea

1.

Albokaren soinua

hori duk doinua,

gozoa ez da baina

denboran galdua.

Harro egon gaitezke

hau baita kasua,

bertsotan egiteko

geneukan ahaztua.

 

Denboran galdua

Hau baita kasua.

Bertsotan egiteko

Geneukan ahaztua. 

2.

Zazpi urte egonik

Jotzen ikasteko,

kale-jira batzukin

hasi berotzeko,

evaristoren orroz

gu beti konpleto,

halere fandangoak

ez daude ahazteko.

 

Jotzen ikasteko

Jota nahiz fandango.

Evaristorez orroz

Gu beti konpleto

3.

Begiak diz-diz eta

masailak puztuta,

albokariak datoz

kaleak hartuta.

Trikiti ta panderoz

ongi hornituta,

kupela honezkero

daukate hustuta.

 

Kaleak hartuta

Ongi hornituta

Kupela honezkero

Daukate hustuta.

Atauriri. Doinua: oh bella ciao

1-    Ataurin gaude, jan-edanean, oh bella ciao!...

Haitzarte eder, mendi zintzurra; Arabako bihotzean.

 

2-    Ataurin gaude, bertso kantari, oh bella ciao!...

Galdutzat eman genuen hura, geureganatze lanean.

 

3-    Ataurin gaude, Atauri ate, oh bella ciao!...

Ate handi bat, euskararentzat, arabar mendialdean.



1.

Obiso aldetik Azazetara

doa eguzki izpia

baso galantak, zoragarriak

sekulako amestia!

mendialdeko herri txikiek

Izki daukate hizkia

errekak dira mendiko zainak

biltzen duten ur guztia

azeria zain, noiz oiloak jan

aspaldiko abestia

zapelatz, putre ta zozo beltzak

zeruko margo bustia

basurdea da basoko errege

eta erlea aztia

gure herriak ezagutzeko

dastatu gure eztia!

2.

Nola aldatzen den ingurunea

sarri dirudi gezurra

urtean zehar kolore ugariz

mozorrotzen zaigu lurra

hosto berriak, gari burua

orbela eta elurra

udaberriak ekartzen digu

bizi pozaren gailurra

udako ekiak indartzen gaitu

erabiltzeko aitzurra

udazkenean etorriz gero

dastatu gure boilurra

martxoan moztu, uztailan jaso

abenduan erre egurra

elkarlanean kentzen diogu

negu gorriari beldurra.

3.

Bertso eskola sortu genuen

ez zegoen aspaldian

genbiltzalako euskara gosez

premiz eta inbidian

arrainak korrontearen kontra

bezala gabiltz agian

bizi garenak bailara hontan

urruti eta mendian

aurrerantza bagoaz baina

pisu asko da gurdian

aspaldi galdu genuelako

euskara gure kabian

berpiztutako sorginen gisan

beheko suaren argian

bagatoz, hemen gaude kantuan

berriz hasteko zorian.

4.

Atauri nafar erresumaren

sarbide izandakoan

herri txiki bat bizirik dago

mendi garaien ondoan

eskola zaharra zena lehenago

elkarte dugu gaurkoan

bertan bilduak hamaika lagun

neguko barru beroan

nork esango ta bat-batean

bata bestean ondoan

ez da lehia baina gaurkoa

jolasik ez da jokoan

goza dezagun afal ostea

lagun arteko giroan

amets zaharrak egi bihurtuz

eta euskara ahoan..

Albisteak

Lagun kuadrillak bertsotan Arabako Kuadrilla artekoan

Lagun kuadrillak bertsotan Arabako Kuadrilla artekoan

2014/02/17

Atauri, Oion, Saratxo, Aramaio eta Ozaetan Arabako Bertso-kuadrilla artekoa.

Lagun kuadrillak bertsotan Arabako Kuadrilla artekoan - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2014/02/14
Ordua
21:00
Herria
Atauri
Tokia
Antzinako eskoletan