Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Lagun kuadrillak bertsotan Arabako Kuadrilla artekoan

2014/02/17
Atauri, Oion, Saratxo, Aramaio eta Ozaetan Arabako Bertso-kuadrilla artekoa.

Lagunak bildu, taldea sortu, saioa antolatu eta saioa egin. Horrela egin dira asteburu honetan 5 saio Araban zehar. Bertsozaletasuna “gintza” bihurtuta, giro kolektibo batean murgilduta eta ondo pasatzeko intentzioarekin proposatu dira saioak Kuadrilla arteko honetan.

Mendialdeko bertso-eskolak antolatuta Ataurin egin zen ostiralean saio polit bat. Kanpezun astero elkartzen den taldea lehendabiziko aldiz jende aurrean ipini zen ostiralean. Gasteizko Errexala taldea lagun izan zuten eta puntuka, koplaka… bat-batean aritu ziren. Haizem@n albokariek idatzizko bertsoak kantatu zituzten alboka doinuak tartekatuz. Mendialdeko bertso-eskolak ere idatzizko sorta batean eskualdeari kantatu zion.

Kantauriko mendikatea zeharkatu eta Arabar Errioxako “Txandrio” bertso-eskolakoek Oionen saio bat antolatu zuten. Zalduondoko bertso-eskolatik hurbildutako hamar lagunekin olioa egiteko prozesua hurbiletik ezagutu zuten Azkenak elkartean bazkaldu aurretik. Ostean saiori ekin zioten. Biana eta Oiongo trikitilariek “Oiana” taldeak idatzizko sorta bat prestatu zuten, gazteok boteioiarekin dituzten komeriak kantatu zituzten: “Boteioia popopopopo!!”. Alazne Garciak jarri zituen lanak eta gaiak bat-bateko saioan, goizean egindako bisitak, internet, eta bertsolariak libre ekimenari errepaso eman zioten.

Aramaioko Marixekan Aramaioko Garratzak eta Gasteizko Aizkorak zorroztu elkartu ziren. Papera eskutan garratzak ziren bertso-sorta denek kantatu ondoren bat-bateko saioari ekin zioten Lierni Altuna gaijartzaileren eskutik. Aramaioko (bas)herritarrak kapitalean galduta eta Gasteizko kapitalekoak Aramaioko baserri ohituretan lekua topatu nahian bertso-trama formatuan aritu ziren kantuan.

arabako bertso kuadrilla artekoa marixeka

Saratxoko txokoan Amurrio eta Legutioko taldeak elkartu ziren. Legutiokoentzat beren bigarren saioa da dagoeneko Kuadrilla arteko honetan eta hurrengo asteburuan kantatuko dute hirugarren aldia. Babarrun jana ondoren lagun arteko giroan egin zen saioa. Egin beharreko lanak amaituta, han bildutakoek, bertso gosez , librean jarraitu zuten bertsotan, Sekula bertsotan egin gabeko bertsozale batzuk ere, kantari aritu ziren, beste askoren harridurarako.  

 

Ozaetan Lautadako topagunea izan zen. Bertan antolatu zuen Aguraingo Sorginetxe taldeak saioa. Perretxiko elkartean afaldu ostean idatzizko bi talde aritu ziren The Rotabators eta Aguraingo Gazte Asanblada. Aiaraldeatik etorritako taldea Lautadako laukotearekin aritu zen bat-bateko saioan eta umorea nagusitu zen, beste modu batean ezin zen izan.

Datorren asteburuan Agurain, Legutio eta bi saio Gasteizen antolatu dira. Azken asteburua inauterietako atseden aurretik. Kuadrilla artekoan guztiz murgilduta, gozatzen.

bideo spot